GARA > Idatzia > Kirolak

Errugbia Ohorezko Maila

Kitmar Ordiziak lehen sailkatua hartuko du

Getxo Arteak Madril taldea izango du bisitari Faduran, sailkapeneko bigarrena; Spyro Bera Berak, berriz, Valladolidera joan beharko du. Hiru euskal taldeek oso norgehiagoka zailak izango dituzte

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Hilabete bateko geldialdiaren ostean, asteburuan itzuliko da Ohorezko Maila. Gezurra dirudi, baina irailaren hasieran hasi zen Liga, eta lehen itzuliaren amaiera asteburu honetan izango du. Hori hamar talde bakarrik direla. Txapelketa horri seriotasun apur bat eman nahi baldin badiote, garbi dago egutegia aldatu beharra dagoela, bestela ez baitu etorkizun handirik izango.

Jardunaldia dotorea agertzen da euskal zaleentzat, nahiz eta partidak oso zailak aurrez ikusten dituzten. Kitmar Ordiziak, mailako euskal talderik onenak, El Salvador hartuko du Trevijanon, bihar 12.00etatik aurrera. Sailkapeneko lehenengoa etorriko da Goierrira, eta oso neurketa zaila izango du. Hala eta guztiz ere, Axio Araña taldeko entrenatzaileak argi utzi zuen neurketa irabazteko helburu garbia dutela.

Getxok ez du norgehiagoka askoz errazagoa izango; izan ere, Madril taldea hartuko baitu, sailkapeneko bigarrena, bihar, 12.30ean. Bizkaitarrek entrenatzaile aldaketa izan dute, eta horrekin taldea hobetzeko itxaropena dute. Taldea azken bigarren postuan dago, eta bihar gertatzen dena gertatu, jaitsierako postuan jarraitu beharra izango dute horitxoek.

Spyro Bera Bera izango da etxetik at arituko den auskal talde bakarra, eta irteera zaila izango du Valladoliden zelaian jokatuko baitu etzi, 12.30ean

Liga Federala

Liga Federalean, Lehen Mailan, bigarren fasea hasiko da. Donibane Lohizunek igoera faseari ekingo dio, nahiz eta hori gainditzea oso zaila izango den. Hori lortuta ere, beste bat jokatu beharko luke. Lapurtarrek Graulhet taldearen zelaian jokatuko dute bihar, 15.00etatik aurrera. Norgehiagoka gaiztoa izango dute lapurtarrek, baina hemendik aurrera denak izango dira zailak.

Nafarroak eta Maulek, berriz, jaitsierako fasea jokatu beharko dute mailari eutsi ahal izateko. Nafarroa Beherekoak etxean arituko dira, eta Marseilla hartuko dute. Zuberotarrak, berriz, kanpoan arituko dira, eta Millavais taldeari egin beharko diote bisita. Bi partida horiek bihar jokatuko dituzte 15.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo