Harri-jasotzea
Perurena II.aren marka ahalegina eta bi lehiaketa Euskadiko Sei Orduetan
J.L. | DONOSTIA
Euskadiko Sei Orduetan harri-jasotzeak protagonismo handia hartuko du gaur arratsaldean. Hala ere, unerik garrantzitsuena Inaxio Perurenaren marka ahalegina izango da. Leitzarra bi eskuekin 285 kiloko harria bizkarrean berdintzen ahaleginduko da. Saioa 19.45ean izango da
Horretaz gain, beste bi neurketa izango dira. Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza neurtuko dira, biak batera, eta 200 kiloko harri errektangularra erabiliko dute. Bost minutuko txanda bakar bat izango dute. Saioa 19.10ean izango da.
Horiez gainera, Marijose Sardon eta Miren Urkiola lehiatuko dira. Lehendabiziko aldiz bi emakume elkarren aurka ikusteko aukera emango dute Euskadiko Sei Orduek. Ia orain arte, Urkiola izan da harriak jasotzen aritu den neska bakarra, baina urritik aurrera Sardon ere badabil, eta elkarren arteko dema gaur izango da lehen aldiz. 100 kiloko zilindro zaharra erabiliko dute bost minutuko txanda bakar batean, eta saioa 17.25ean hasiko da.