GARA > Idatzia > Txokotik

Filipe Bidart kalean, behingoz....

Floren Aoiz

Idazlea

Zorionez, Filipe Bidart kartzelatik kanpo dago. Bazen garaia! Aspaldi sartu zuten preso Baigorriko seme ezaguna, eta azken uneraino aritu dira aitzakiak bilatzen, trabak jartzen eta zailtasunak ugalduz. Atera, atera da, baina frantziar estatu jakobinoaren men- deku gosea ez da ase, eta Euskal Herritik urrun gorde nahi dute Filipe, betiere mehatxupean. Berriz hasiak dira akusazioak prestatzen, presondegitik ateratzean esan zuena aztertuz edo. Zer espero zuten, baina? Ziega atzean utzi eta ahateen migrazioaz hitz egiteari ekin behar zion atean bildutakoen aitzin? Filipe preso politikoa izanik, eta bere ibilbidea aintzat hartuta erabat logikoa zen mezu politikoa zabaltzea, eta erabat logikoa beste presoekin elkartasuna agertzea eta kartzelara eraman zuen borroka oroitzea. Logikoa, behintzat, sasijustizia espainiar eta frantziarren biktimen ikuspegitik.

Hormaren bestaldean, ordea, zigorraren baliogarritasunaren ikuspegitik, Filiperi ezarritakoa ez da aski. Une batzuetan frantziar errepublikaren etsai nagusitzat jo izandakoa ez da «erreformatu», ez da herritar zintzoa bilakatu. Areago, ez du «La Marseillaise» kantatu. Baigorriarrak kantuz nolakoak diren jakinda, penaturik geldituko ziren, menturaz, frantziar agintariak, ahots ederrak galtzen baitituzte, baina dagoeneko ulertu beharko zuten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan piztutako txinparta ez dela itzali, ezta itzaliko ere.

Filiperen askatasunaren harira, burura etorri zaizkit iraganeko gertaerak, batzuk besteak baino politagoak. Filiperena ez baita soilik bere ibilbidea, baizik eta askoren asmakizun, makur, hankasartze, ulertzeko ezintasun eta abar. Agertoki politikoa aldatu da Euskal Herri kontinentalean Filipek preso eman dituen urteetan, eta aldaketa guztiak ez dira onuragarriak izanen, baina iruditzen zait ezkerreko abertzaleen ikuspegitik aurrerapen galantak izan direla. Bat azpimarratu nahi dut: Euskal Herria eraikitzeko bidean lanean dabiltzan jendeen arteko lotura. Hori ez da beti horrela izan, eta zatiketa zein lehiak era mingarrian luzatu dira, zauriak nonahi utziz, baina beste une batean gaudela uste dut. Ustaritzen islatu zen. Eta, maila batean bederen, Filipe une berri honen ikurra era bada. Filiperi ongi etorri! esanez, itxaropen une honi esan nahiko nioke, halaber, ongi etorria dela, eta espero dudala batak eta besteak gurekin jarraitzea. Urte askotarako!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo