GARA > Idatzia > Jo puntua

Komunikabideak? Nahasbiderako zikinbideak

Jendeak ez sinistu arren, euren funtzioa bete dute honezkero, zalantza ereinda dago, egonezin moduko sentimendua gutxi batzuengan behintzat landatu bada, lortu egin dute

Sonia Gonzalez

Idazlea

 

Kazetaritza, laugarren boterea. Aspaldiko kontu ondo jakina da hau: informazioa kontrolatzen duenak, zer, zelan, zergatik gertatu den kontatzen duenak, ondo edo txarto dagoen irizpidea zabaltzen duenak aukera askoz handiagoak dauzka botere politikoan jarraitzeko edota botere politikoa -eta honekin batera, ekonomikoa, ezin ahaztu- lortzeko, betiere status quo-tik irten barik.

Gurpil zoroa da, amaitzen ez den soka bat, merkatuko ekonomia: masa komunikabideen propietatea eta kontrola -beste propietate guztiekin gertatzen den moduan- kapitalaren jabeen esku daude. Horregatik, ez da kasualitatea munduan ere enpresa holding erraldoien, inperio mediatikoen, esku egotea.

Baina goazen harira. Askotan esan izan da komunikabide horien funtzioa iritzi publikoa, oro har, alde batera edo bestera eramatea dela, pentsaera manipulatzea, gehiengoa lotaraztea. Hala ere, funtzio honetaz gain, azken asteotako periodiko espainolak gainetik begiratzen baditugu, beste funtzio batetaz ere kargutu ahal izango gara: komunikabideen bitartez populazio zati bati zuzentzen zaizkio mezuak, «kontrako filetan» nahasmena, desgogoa eta atsekabea sorrarazteko. Ikus ditzagun adibide batzuk: «Otegi consiguió superar en enero un intento de golpe de mano del sector duro de su partido, encabezado por dirigentes de segunda fila»; «El Gobierno está convencido de que el líder de la izquierda abertzale intentó que alquel pronunciamiento fuera más lejos, pero los sectores más intransigentes de la formación se lo impidieron»; «Los niños se han entregado porque les ha llegado la orden de arriba de hacerlo, y aunque para muchos haya sido un desplante y un desafío, la izquierda abertzale lo ve como un gesto más para retomar el proceso»; «Desconcierto entre los militantes de Batasuna»; «Un veterano militante confiesa su males- tar por la propuesta y lamenta que, a partir de ahora, las reivindicaciones de Batasuna se equiparen a las del PNV»; «Una mujer, cuyo hijo está preso en una alejana cárcel, admite su enfado: ¿tanta lucha para volver más atrás de la Alternativa KAS?».

Eta betiere euren iturri fidagarriak argi uzten dituzte, inork zalantzarik izan ez dezan: «Fuentes cercanas al portavoz de la izquierda abertzale; un político vasco en contacto permanente con la ilegalizada formación; las fuentes de `El Correo'»... Horrela daude gauzak... egunkarietako orrialdeetatik pare bat buelta emanez gero, edonor geldituko da ezker abertzalea hankaz gora dagoelako sentsazioaz. Eta jendeak ez sinistu arren, euren funtzioa bete dute honezkero, zalantza ereinda dago, egonezin moduko sentimendua gutxi batzuengan behintzat landatu bada, lortu egin dute.

Irtenbide bakarra, eurek baino zuhurrago jokatzea, euren zikinbideak erabiliko dituztela jakin arren, inportantziarik ez kendu eta adi ibiltzea horrelako mezuen aurrean, batez ere hauek baino askoz sibilinoagoak direnekin. Hala ere, gauza bat ezin zaie ukatu: imajinazioa eduki badaukate!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo