GARA > Idatzia > Gutunak

Zer gertatzen ari da irakaskuntza pribatuan?

Itziar Areitioaurtena, Mertxe agirre, tere mendez, marian perez eta beste 14 sinatzaile

Irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatu bateko langileak gara eta alorreko egoerarekin kezkaturik gaude.

Irakaskuntza berri iturri izan da EAEko eskola eta ikastetxe publikoetako langileek greba egin dutelako sare publikoaren egoera eta langileen lan baldintzak salatzeko.

Eta bitartean, zer gertatzen ari da irakaskuntza arautuko ikastetxe pribatuetan? Dagoeneko 2007ko otsailean gaude eta oraindik 2005eko lan hitzarmenarekin jarraitzen dugu. 2006 urteko lan hitzarmena sinatzeke geratu da eta langileok ez dakigu zeintzuk diren arrazoiak. Azken bilera 2006ko maiatzean izan zen eta harrez geroztik sindikatuak eta patronalak ez dira berriro bildu. Nori dagokio horren ardura? Suposatzen dugu alorrean ordezkaritza nagusia duten erakundeek -ELAk eta Kristau Eskolak- bere arrazoiak dituztela negoziazioa mahaia ez biltzeko.

Alabaina, ez dugu uste ezer egin gabe egoera aldatuko denik. Bien bitartean, gure lansari eta lan baldintzek EAEko irakaskuntzako eskasenak izaten jarraituko dute. Eta honen ardura Administrazioak ere badu: ez dugu ahaztu behar EAEko ikastetxe pribatu ia guztiak diruz laguntzen dituela Administrazioak. Urtez urte, aurrekontuetan finkatzen da ikastetxe pribatuek jasoko duten diru laguntza.

Irakaskuntza pribatuko langileen lansari eta lan baldintzak irakaskuntza publikoko langileek dituztenekin parekatzeko aldarria aspaldikoa da. Hala ere, eskaerari muzin egiten dio Administrazioak, eta homologazioa gero eta urrunago dagoela dirudi.

Egoera horren aurrean zerbait egin behar da. Alorreko eragile guztiei, sindikatuei, patronalei eta administrazioari, arduraz jokatzeko eskatzen diegu egoera lehenbailehen konpon dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo