LAB sindikatuaren ustez, Nafarroako industria sektorea krisian dago
Rebeka CALVO |
LABen ustez, Nafarroako industria sektorea krisian dago, eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen du industria mahai bat osatzea. Bertan, gizarte eragileek politika publikoetan parte hartzeko aukera izan beharko lukete. «Enpresen deslokalizazioaren aurkako talka plan bat ere egin behar da», esan zuen sindikatuko Garbiñe Aranburuk. Izan ere, Nafarroako LABeko arduradun Santos Indakoetxeak azaldu zuen Mepamsa, BSH Lizarra edo Caucho Metal enpresak ixteak herrialdean «industria krisian» dagoela agerian uzten duela. «Nahiz eta UGTk, CCOOk eta Nafarroako Enpresarien Konfederakundeak behin eta berriz esaten duten ez dagoela krisirik, ezta larritzeko arrazoirik ere», esan zuen.
Indakoetxeak azaldu zuen Nafarroako lan merkatua 2000. urtetik 2006ra hazi egin dela, baina langabezian daudenen kopurua «ia bera» dela. «Enpleguaren behin-behinekotasuna, gainera, handitu egin da; 2001ean %26,23koa zen, eta iaz, %30,15ekoa», esan zuen. Era berean, Aranburuk adierazi zuen Nafarroan multinazional «asko» dagoela, 30 enpresa garrantzitsuenetatik 20, eta automobilgintzaren mendekotasuna «gehiegizkoa» dela adierazi zuen, eskualdeko esportazioen erdia egiten baitute.