Zuberoako maskaradetako xorrotxen kantuekin diskoa zabalduko du GARAk asteburuan
Xiberoko Botza irratiarekin batera ekoitzitako «Xorrotxak" diskoa zabalduko du GARAk asteburuan. 1992. eta 2006. urteen artean izandako maskaradetan bildutako kantoreak jasotzen ditu CDak.
GARA | MAULE
Xiberoko Botzak badu Zuberoako maskaradetako material garrantzitsua bildua. Izan ere, urtero-urtero grabatzen ditu herri batean eta bestean emanaldiak. Artxibategian gordeta zituzten maskaradetako kantuak disko moduan plazaratzea otu zitzaien irratiko langileei. Abenduan kaleratu zuten diskoa Zuberoan, eta GARArekin batera iritsiko da asteburuan gainerako herrialdeetara. 6,95 euroren truke eskuratu ahal izango dute ``Xorrotxak'' gure egunkariaren irakurleek.
Hamalau urtean egin dituzten ekitaldietan hartutako soinuak jasotzen ditu CD horrek. Guztira, xorrotxek abesturiko 17 kanta entzuten dira. Sei kantu salbu, beste guztiak berriro grabatu dituzte kalitate ona izan dezaten.
Bi pertsonaia horiek, Jaunaren ezpata zorrozten dutenak, tarte berezia dute maskaradetan, eta bi kopla kantatzen dituzte.
``Xorrotxak'' laneko lehen kanta 1992. urtekoa da, Altzürükün hartua. Dominique Epherre eta Beñat Queheillerenak dira entzuten diren bozak, eta Etxahun Irurik sinatzen ditu hitzak. Diskoko azken kopla iazkoa da. Urdiñarbeko emanaldiari dagokio eta Johañe Bedaxagar eta Jean Michel Arraiet dira abeslariak. Hitzak Dominika Agergarairenak dira.
Gehienetan gizonezkoak dira abeslariak. «Lehen maskaradak gizonezkoek ematen zituzten. 1992.ean emazteekin bakarrik egin zuten Eskiulan. Hala bada, orduko xorrotxak bi emazte dira», azaldu du Maite Davant Xiberoko Botzako esatariak. Aurten antzezlan mistoa eginen dute Maule-Lextarren, eta hor ere bi xorrotxak neskak izan dira. 2007. urteko hori hurrengo disko baterako geratuko da, asmoa badelako ``Xorrotxak'' diskoa grabatuta abiatutako bidetik jarraitzeko.
Edukia zaindu dute, eta diskoaren itxura ere era berezian landu dute. Richard Jenkinsonen argazki bat aukeratu dute azalerako; xorrotxen itzalekin egindako jolas bat da. Jenkinson eskoziarra da eta urteetan egon da maskaradetan argazkiak egiten.