GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPri laguntza ematean Seaskak jasotzen duela ziurta dadila eskatu diote Lakuari

Maider EIZMENDI |

Seaskako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo bizi duten egoera «kaskarra» ezagutarazteko. Agerraldian Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariak ere hartu zuen parte.

Isabelle Charriton Seaskako lehendakariak azken hilabeteetan ikastolen gaineko presioak gora egin duela azaldu zuen: besteren artean, ikasturte honetan irakasle postu eskasia izan dute, eta ez dute zuzendaritza delegazio ordurik lortu. Era berean, Euskara Erakunde Publikoaren (EEP) diru laguntzetan ez da emendatzerik gertatu. Horrez gain, Seaskari laguntzak mugatzeko herriko etxeen gaineko presioak izaten ari direla salatu zuten.

Datorren ikasturterako aurreikuspenak ere ez dira onak, bost ikastoletan postu murrizketak gertatzeko arriskua baitago. «Estatu frantsesak ez ditu murgiltze ereduko ikastetxeak garatzen uzten. Gainera, Seaska bezalako egitura federala, ikastolen iraunkortasuna segurtatzen duena, indargabetu nahi du», diote.

Egoera horretan, Euskararen Erakunde Publikoa eraginik gabekoa dela adierazi zuen Seaskako lehendakari orde Pilipe Aramendik. «Seaskaren eta hezkuntza nazionalaren artean irakaskuntza postu beharren irizpide komunak finkatzeko hartu zuen engaiamendua ez du bete EEPk», kritikatu zuen. Era berean, orain egun batzuk erakunde horrek Lakuako Gobernuarekin egin zuen hitzarmenak egoera zaildu baino ez duela egingo uste dute. Izan ere, aurrerantzean EEPk kudeatuko du Ibarretxeren exekutiboak emandako dirulaguntza. Hori horrela, hurrengo deia egin zion Lakuari: EEPk dirulaguntza hori Seaska indartzeko erabiliko duela ziurta dezala.

«Beldur gara itunaren itzalpean Seaskak lehen Gasteizko Administraziotik jasotzen zuena baino diru gutxiago eskuratuko duela», azaldu zuen Koldo Tellitu EHIK-ko lehendakariak. Seaskako ordezkariek nabarmendu zutenez, behar duten diruaren %10 besterik ez du jartzen egun EEP-k, eta gurasoek berriz, %70 jartzen dute. Seaskarentzat oinarrizkoa litzateke EEP-k beharrezko diruaren %50 jartzea.

Tellituren esanetan, Administrazio publikoek «itolarri ekonomikoa» baliatzen dute herritarren ekimena ahultzeko. «Jendearen gogoak eta nahiak diru gabeziaren menpean jartzea baino eraso mingarriagorik eta makurragorik ez dago», esan zuen.

Azkenik, Seaskaren aurka aritzean Ikastolen Konfederazio osoaren aurka egiten dela gogoratu zuen. «Hau da, 46.000tik gora ikasleren familiek, ia 4.000 irakaslek eta ehundik gora ikastolek osatutako gorputz sozialaren aurka egiten da», esan zuen Tellituk. Egoera salatzearekin batera, Seaskari eta bertako ikastolei laguntzeko ahalmen guztiak jartzeko konpromisoa hartu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo