GARA > Idatzia > Kirolak

Tau Baskonia

Perasovic ospitaletik atera da, baina atseden hartu beharko du bi astez

GARA | GASTEIZ

Tau Baskoniako entrenatzaile Velimir Perasovic atera da dagoeneko Txagorritxuko ospitaletik medikuen senda agiria jaso ostean. Hala ere, kroaziarrak ez du nahi bezain arin entrenatzaile postura itzultzerik izango. Izan ere, hurrengo bi asteetan atseden hartzeko agindua jaso du.

Perasovic atzo eguerdiko 14.25ean atera zen Txagorritxuko ospitaletik emaztea, anaia eta talde gasteiztarreko prentsa buru Alfonso Txurruka lagun zituela. Txagorritxutik Perasovicek Gasteizen duen bizilekura joan ziren guztiak.

Eskerrak

Astelehen gauean ospitaleratu zuten Velimir Perasovic, bularreko anginak jota -orain dela zortzi egun bete zituen 42 urte-. Ordutik hona, makina bat dei jaso ditu, hala Euskal Herritik nola kanpotik. Horiek horrela, «eskerrak» eman zizkien Perasovicek aste osoan zehar bere osasunaz arduratu diren guztiei.

Behin Txagorritxutik kanpo zela, «oso ongi» sentitzen dela adierazi zuen Perasovicek uneotan nola aurkitzen den galdetu ziotenean.

Dena dela, ikusteko dago Perasovic noiz itzuliko den entrenatzaile postura. Izan ere, hurrengo bi asteetan atseden hartu beharko du. Ondorioz, Euroligako Pau Orthez eta Lottomatica Romaren aurkako partidak, eta ACB Ligako Pamesa eta CB Granadaren aurkakoak galduko ditu. Bere lekuan Natxo Lezkanok jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo