Fertxu Izquierdok «kaleko poesia" egin du «Gerratearen aztarnak"en
Rebeka CALVO | IRUÑEA
Fertxu Izquierdo iruindarrak karrika, taberna eta rock musikaren mundua hartu ditu hizpide bere lehen liburua argitaratzeko.
«Gerratearen aztarnak» euskarazko poesia liburua da eta Pamiela argitaletxearekin kaleratu du Izquierdok. «Graffiti bat da liburua, bazterreko zerbait bezala hartzen dena. Ni ere bazterretik ibili naiz: poesia eginaz, eta gainera, euskaraz», adierazi zuen idazleak.
Pamielako Jose Angel Irigaraik esan moduan, «poztekoa da argitalpen hau, Izquierdok bortizkeriatik poesia ateratzeko dohai berezia baitu. Sistemaren aurka altzatzen den usain berria dugu», gehitu zuen Irigaraik.
Gerrate desberdinak
Egileak berak atzo azaldutakoaren arabera, liburuan hainbat gerrate islatzen ditu. «Gerrate desberdinen aztarnak daude lanean: hiri, auzo edo herrietako langile giroko eguneroko borrokak, sentimenduen arteko borrokak, edota mundu mailan ematen diren gatazka bortitzak, adibidez Palestinakoa edo Txetxeniakoa», adierazi zuen Fertxu Izquierdok atzoko aurkezpenean.
«Gerratearen aztarnak» lanean poesia hurbila landu du. «Kalekoa», zehaztu zuen. Iruñeko Txantrea auzoko idazleak, orain arte bere inguruko pasarteak erabili ditu poesia egiteko. «Nire auzuneko karrikak dira orrialde hauetan zeharkatuko dituzuenak, azkeneko bost urteetan auzo horretan eraiki ditudan etxetxo, kale eta plazena», dio Izquierdok liburuaren azken orrietan.
Iruindarraren lehen argitalpena bada ere, aurretik asko idatzitakoa da, eta hainbat poesia eta literatura sari irabazi ditu. Idazleak berak azaldu zuenez, besteak beste, Atarrabiako Pedro de Atarrabia literatur sariaren azken edizioa irabazi du.
Pamielako Jose Angel Irigaraik Izquierdo idazle gaztea baina eskarmentu handikoa dela nabarmendu zuen. «Hizkuntza jasoa erabiltzen du. Alegia, literatur kutsu jasoa du. Poesiak irakurtzerakoan asko irakurtzen duela nabari zaio», azaldu zuen.
Ildo horretan, Fertxu Izquierdo berak uneotan Turkiako poetan lanak irakurtzen ari dela azaldu zuen. Nabarmendu zuenez, Federico Garcia Lorca edo Pablo Neruda bezalako idazle aski ezagunen lan ugari ere irakurri izan ditu.