Idazle talde bat, Euskadi Literatur Sariei boikota egitearen alde
Hogeita bederatzi idazleko talde batek Euskadi Literatur Sarietan parte hartzeari uko egin dio. Izan ere, haien ustean, sarituak aukeratzerakoan irizpide literarioak beharrean Lakuako Gobernuaren interesen menpeko irizpideak erabiltzen dira. Jon Alonsoren artikulu batek berpiztu zuen polemika eta orain «Utikan Euskadi Sariak" manifestuaren sinatzaileek egonezin horrekin bat egin dute. «Literaturaren kontzeptu murritza hedatzen dute", dio idatziak.
Kristina MARTIN | DONOSTIA
Lakuako Gobernuak ematen dituen Euskadi Literatur Sarien funtzionamenduarekin ados ez dagoelako horietan parte hartzeari uko egin dio euskal idazle talde batek. Haien ustean, Lakuak bere irizpideekin bat egiten duten idazleak eta itzultzaileak hobesten ditu sariak ematerakoan. Gainera, zenbait teknikarik, epaimahaikok eta kritikarik irregulartasunak egin dituztela edota ontzat eman dituztela salatu dute.
Ez da Euskadi Sarien «garbitasuna» zalantzan jartzen den lehenengo aldia, baina Jon Alonsok 2007ko «Argia» urtekarian plazaratutako iritzi artikuluak hautsak harrotu ditu. Egonezin horrekin bat egin dute orain artean 29 idazlek eta «Utikan Euskadi Sariak» izeneko manifestua kaleratu dute. Sinatzaile horietako batzuek manifestuaren edukiaren berri eman zuten atzo Donostian.
«Uko egiten diogu Euskadi Sari hauetan parte hartzeari, hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa», dio idatziak. Sinatzaileek erabaki horren arrazoiak argitu dituzte idatzian. Haien aburuz, Euskadi Literatur Sarien helburua ez da «literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea». «Egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literarioa sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen», eransten du dokumentuak.
«Literaturaren kontzeptu murritza hedatzen dute iritzi publikoan eta irakurlegoan», argudiatzen dute. Horren ondorioz, «jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde gaudenez (...) argi utzi nahi diegu gure irakurleei ez dugula horrelako parametroetan neurtuak izan nahi», azaldu dute.
Edorta Jimenezek irakurri zuen adostutako dokumentua. Azalpen gehiago emateari edo Euskadi Sariak aldatzeko proposamenak egiteari uko egin zioten, eta talde gisa idatzian azaltzen diren kritikak soilik babesten dituztela argitu zuen Jimenezek.
Aurreko urteetan piztutako egonezina elikatu duen artikuluak, Jon Alonsorenak, kritika gogorrak egiten dizkie sarien antolatzaileei. Aukeraketan Lakuaren interesek irizpide literarioek baino garrantzi gehiago dutela baieztatzen du idazle eta itzultzaileak. Lanen hautaketan zein bozketaren batean irregulartasunak ere salatzen ditu. Salaketa horien oinarria Alonsok berak 2003an itzulpengintza arloko epaimahaian izandako esperientzia da.
Irregulartasunak bozketan
Euskadi Literatur Sariak, 1997az geroztik, aurreko urtean argitaratutako liburu guztiek jaso ditzakete. Hau da, liburuak ez dira propio aurkeztu behar. Hala ere, Alonso epaimahaiko izan zenean, itzultzaile ezezagunak, orri kopuru txikia zuten liburuak edota haurren liburuen itzulpenak lehenengo aukeraketatik kanpo gelditu ziren lanak irakurri barik.
Bozketari dagokionez, Alonsoren esanetan, kulturako goi funtzionario bat arduratu zen botoen zenbaketa egiteaz, eta Alonsok emaitzari susmoa hartu zion. Dioenez, hautagai baten alde bi beharrean hiru boto zenbatu zituen funtzionarioak. Boto horren aldea oso garrantzitsua zen: bi botorekin kanpoan gelditzen zen hautagaia, eta hirurekin, ostera, finalista bihurtzen zen. Alonsok, baina, zenbaketa berriro egiteko eskatu eta bi boto bakarrik agertu ziren. Ostean jakin zuen itzultzaile hori zenbaketa egin zuen funtzionarioaren adiskide mina zela.
Hori ez ezik, epaimahaiaren erabakia nolabait bideratuta dagoela salatzen du Alonsok. «Mundu guztiak daki argitaletxe pribatu batek ez duela inoiz Euskadi Saria irabazten itzulpen alorrean, saria Jaurlaritzak berak diruz hornitzen duen `Literatura Unibertsala' bildumako batentzat izan ohi delako».
Bestalde, Alonsok Koldo Izagirreren «Sua nahi, Mr Churchill» liburua goraipatzen du. Haren ustean, ez du Euskadi Literatur Saria irabazi antolatzaileek egilea begitan dutelako. Horrekin batera, Joseba Sarrionandia edota Xabier Montoia bezalako idazleen lanak ez saritzea ere Euskadi Sarien atzean dauden «interes ilunen» ondorioa dela susmatzen du Alonsok.