GARA > Idatzia > Ikusmira

Beste hiru langile lanpostuan hilda, zerrenda luzeegi bateko zenbaki hutsa balitz bezala

Atzo Longidan hil zen iruindar langile gaztea zerrenda luze bateko zenbaki bat izango da estatistika ofizialetan. Herenegun Oiartzunen hil zen andoaindarra bezala, igandean zendutako lekeitiarra bezala. Aste tragiko hau, ordea, salbuespen bat izan beharrean, zerrenda beltz luze horren segida da. Urteak oraindik hilabete eta erdi baino ez duenean, 17 euskal langile hil dira lanpostuetan. Eta estatistiketako hildakoak zenbaki gero eta ezdeusagoak izateko arriskua dago -batzuk agertu ere ez dira egiten lan istripuen estatistika horietan-. Hedabideetan haien berri kasualitatearen ondorioz gertatutako ezbeharrak balira bezala irakurtzeko arriskua dago. Horregatik, ezinbestekoa da gizarteak arazo larri horren kontzientzia hartzea; hau da, heriotza horiek ez direla saihetsezinak eta haien erantzuleak badirela argi izatea. Izan ere, lan segurtasunerako legeak errespetatzen ez direnean, lan-baldintza eskasak eta oro har prekaritate handia daudenean, ondorio logikoa da istripuak gertatzea. Kausa horien atzean lukurreria eta zabarkeria daude: aipatutako legeei muzin egiten dietenak eta halakorik egin ez dezaten neurriak hartzen ez dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo