REALa Itxaropena mantentzen duela dio txuri-urdinen entrenatzaileak
«Liga orain hasiko balitz, erdialdean bukatuko genuke"
Lotinaren ustez, «taldea lehiakorra da orain", eta lehen itzuliarekin alderatuta, «gauzak aldatu" direla erakutsi behar du Huelvan
GARA | DONOSTIA
Miguel Angel Lotinak oraindik ez duela itxaropena galdu eta Realak maila mantentzea posible dela erakutsi nahi izan zuen atzo egindako agerraldian. Meñakarraren iritziz, orain taldea «lehiakorra» da, eta Liga oraintxe bertan hasiko balitz, sailkapenaren erdian bukatuko lukete. Jokalarien jarrera eta lana erabili zituen argudiotzat. «Orain dela gutxi, etxeratzen nintzenean, jokalariei buruzko nire banakako azterketa horrelakoa zen: 'Honek gehiago eman behar dit, baita honek ere...'. Gaur egun guztiz ezberdina da hori. Futbolari begiratuz, taldeak duen jarrerarekin pozik nago, bai taldeari baita banakako jokalariei dagokienez».
Hala ere, onartu zuen: «Badakit hori irailean esateko gauza dela, eta ez otsailaren 15ean. Hori gaizki egin ditugun gauzak dauden sintoma da». Horregatik, Realaren entrenatzaileak dagoeneko «gehiegi» hitz egin dugula eta hitzek ez dutela «baliorik» adierazi zuen.
Realaren egoera aldatzeko Huelvan irabaztea dela gakoa azaldu zuen. Recreativok hiru puntuak eraman zituen Anoetatik, partida polita eginda. «Horixe da erronka: gure gainetik pasa ziren lehen itzulian, eta orain, irabazteaz gain, gauza aldatu dela erakutsi behar dugu, baita orain dela gutxi arte ikusi duguna benetakoa ez dela ere».
Lotinak oraindik astia dagoela gaineratu zuen: «Aste honetan, 2000. urtetik aurrera jardunaldi honetan zeuden sailkapenak aztertu ditugu, eta urte guztietan une honetan hiru azkenak zirenetatik bat edo bi atera ziren denboraldia bukatzean». Adibide bezala, Lotinak Osasuna jarri zuen, berak zuzentzen zuenean hori gertatu baitzitzaion. «17 puntu bakarrik geneuzkan une honetan, eta bigarren itzuli zoragarri bat egin gabe ere salbazioa lortu genuen».
Egoera azaltzeko errudunak bilatzerakoan, txuri-urdinen entrenatzaileak Kontseiluari ezin zaiola ezer leporatu esan zuen. «Egoera aurrera ateratzeko ahal duen guztia egiten ari da; irizpide onarekin, gainera. Kritikak egotea normala da, baina lan ederra egiten ari da. Gutztiok ditugu gure hutsak, baina Kontseiluak egiten badu, ez da arduragabekeria kontua».
Skoubo eta Garrido gabe
Lotinak adierazi zuenez, Skoubo ez da ziur aski Recreativoren kontra jokatzeko sasoian egongo, eta Javi Garridoren lekua ezker hegalean Aitor Lopez Rekartek beteko du. Hark kontra- tuaren berritze automatikoa alde batera utzi du, nahiz eta azken lan saioetan Victor Lopez ere postu horretan aritu izan den. Argentinarra, gainera, deialditik kanpo gera liteke, Jesuli bezala, ez baitago sasoian.