GARA > Idatzia > Zorroztarria

Mozorro iraunkorrak

Julen MURGOITIO

Pirinioetako magaleko herri nafar batzuetatik zintzarrien hotsa zabaldu eta gutxira haraneko zementura jaitsi dira inauteriak. Urteko egun ero eta lotsagabeenak, diotenez. Bai, lotsagabea izan behar kalean erotiko izateko. Tira, inauteriei ikusten diedan alde onen artean on-ona dena zera da, gero eta santu gutxiago geratzen direla elizetan, San Kristobalekin hasita urtuz doazelako horiek joareak egiteko; gainera, eusko gidariek patroirik gabe ari dira geratzen, ez al da hori pauso egokia langileen ikuspegitik? Itxaropena ematen dit horrek, gerora begira, elizok batzoki bilakatzeko bidean, herriko jendea elkarrizketari lotzeko batzeko toki esan nahi dut; badaezpadako argipena izan da azkeneko hau. Mozorroak dira nagusi egunotan kalean, egunotan baino ez. Inauteriak amaitu eta mozorroak nagusi epaitegietan izango dira, urte osoan legez. Bai, legez. Aprobetxatu behar, beraz, mozorro jatorren eroaldia, ederto batean erotuko gaituztelako, berriro ere, aurrerantzean eroen mozorraldian. Gustukoak ditut inauteriak, inongo modak ezin duelako egunotan bere estiloa inposatu, modakoa izanda ere; alferrikako publizitatea egingo luke horretan saiatuko litzatekeenak. Irudimena agintari! ei da inauterietako lelo gorena kaleetan. Baina, egun ero eta lotsagabeenak pasatutakoan modak aginduko du, berriro agindu ere. Eta exekutiboek atzera lotu beharko diote trajeari, exekutibo agertzen segitu nahi badute behinik behin; burtsa ala hil! oihupean. Eta pasarelak zabalduko dituzte ostera ere, kaiolarik gabeko zooen antza hartzen diedan pasarelak, udaberri eta udako janzkera negutik bertatik agintzen hasteko; bestelako uniformeak dira horiek, Europako ingurumen-direktibek baino lotesleagoak.

Eskerrak Lakuak kanpaina berria abian ipini duela: Klima aldaketaren aurrean kontsumo iraunkorra! Demontre! pentsatu dut iraunkorra irakurri eta segituan. Zer izango ote bazter guztietan entzuten nagoen hori! Eta hiztegi batera jo dut argitasun eske: Irauteko joera duena; luzaroan irauten duena, eteten ez dena. Horra! oraingo kontsumoa da luzaroan iraun behar duena? Klima gizajoa, nor hintzen eta nor izango haizen. Ama Lurra ari dira hondatzen, Aita Lurra tabernan dela. Iraunkorra? Irainkorra. Inauteriak ospatu beharko, haserreari eta amorruari egun batzuetako lasaia ematearren, laster batean datozelako, atzera, iraunkeriak eta irainkeriak. Mozorro iraunkorrak, egunotakoen ostean datozenak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo