GARA > Idatzia > Gaurkoa

Lagun hegoafrikarra

Iñaki Soto

Filosofian lizentziatua

Roelf Meyer gure laguna da. Bazen gure lagunen zerrenda egiten zuen abesti bat. Ez naiz autoreaz gogoratzen, baina honela zioen, gutxi gorabehera: «Malcom X gure laguna da/ Nelson Mandela gure laguna da», eta horrela, bata bestearen atzetik, Che Guevara, José Martí, Angela Davis, Tupac Amaru... Kennedyren aurka egiten zuen abestiak, oker ez banago.

Bake prozesuetan aditua den Roelf Meyer hegoafrikarra euskal gatazkaren konponbideari buruz hitz egiten entzun nuenean, gure laguna dela pentsatu nuen. Meyer Hego Afrikan apartheidaren amaiera negoziatu zuen taldeko kide izan zen. Zurien komunitatearen ordezkari gisa aritu zen negoziazioetan. Ondoren, defentsa ministroa izan zen, Nelson Mandelaren lehendabiziko gobernuan. Duela sei hilabetetik ANCko militantea da. Imajinatzen al duzue Egiguren hamar urte barru Batasunako kide?

Meyer gatazkaren konponbidean aholkatzeko Ibarretxek antolatu duen nazioarteko adituen taldeko kide da. Bere lehendabiziko agerraldi publikoan Barajasko ekintza erronka zela esan zuen, «aukera» gisa ulertu behar genuela, alegia, eta ezin duela prozesu politikoa geldiarazi.

Urkuluk ez du gure laguna izan nahi. Roelf Meyerri entzun ziotenean, Urkuluk eta Imazek «Ibarretxe gure laguna al da?» pentsatu zutela imajinatzen dut. Bi minutuan lehendakariaren aholkulariak beraien hilabetetako diskurtsoa birrindu zuen. Sedukzioaren maisuentzat ANC izquierda radicalaren parte izango al da?

Abestiarekin jarraituz, Kennedyk salbatuko gintuela uste zuten hauek besteoi pragmatismo falta aurpegiratzen digute behin eta berriz. Estatutu honekin presoak etxera etorriko zirela esaten zutenek ondoren Estatuarekin dispertsioa adostu zutela gogorarazi behar da. Estatutu honekin Nafarroa Euzkadi izango zela esaten zutenek orain Iskarioteren Anaiagoari botoa emateko eskatzen dute. Beraiek egiten ez dutenez, guri tokatzen zaigu magiazko errealismoaren 30 urte hauen balantzea egitea.

Beraien gezurren eskutik baitatoz gure egiak. Batasunak trantsiziorako egin duen proposamenaren ondoren, ezker abertzalearen minimo taktikoak eta EAJren maximo erretorikoak gertuago daude. Azken hauen isiltasun harroa ikusita, kezkatuak daudela dirudi. Jelkideak ez dira gure lagunak, baina beraietatik askok ez dute ulertzen zergatik agertu behar duten beti gure hain etsai. Zergatik dago Urkulu tematua gure etsaia izaten?

Abertzale zintzoentzat Nafarroa kezkabide omen da. Kezkagarriagoak iruditzen zaizkit niri datorren urtearen hasieran EBB berritzeko egingo diren hauteskundeak. Marra gorriak Bizkaian daude. Oraingo zuzendaritzak Ibarretxe planean oinarritzen zen ponentzia politikoa nola kudeatu duen ikusita, eta ordurako Batasunaren proposamenak lortuko duen zentralitate politikoa kontuan hartuz, fase politiko honetarako jelkideen lan ildoa ezartzea nahikoa lan zaila dirudi. Horri etxe barruan egin beharreko maniobra zikin guztiak gehitzen badizkiozu, gauzak asko konplikatzen dira. Batzuk eta besteak aizkorak zorroztuak eta hortzak estuturik dabiltza, baina ez dut uste odolik ikusiko dugunik. Batzuk Roelf Meyerren lagunak dira. Besteak Zapateroren lagun agertu nahi dute. Baina, konplimenduak gorabehera, alderdi barruan gaur egun dutena baino indar haundiagoa izan arte, harekin jai dute. Rubalcaba, agian, beste enbor bateko ezpala da.

Zapatero ez da gure laguna. Hari egin ez duen guztia eta egin dituen hainbat gauza aurpegiratu behar zaizkio, zalantzarik gabe. Jokatu duen paper negargarriaz kontzientea da gizartea. Kontuz, Imazena ez bezala, leondarra ez baita gure laguna. Guk egin ez ditugunak, adibidez, ezin dizkiogu berari leporatu. Gure biktimen ikusezintasuna, besteak beste, gure ardura da, batez ere. Biktimei buruzko diskurtso indartsu eta koherente baten falta eta beharra azpimarratu nahi dut hemen, besterik ez.

Une honetan, Anoetako proposamenaren ondoren, biktimen papera prozesuan argi dagoenean, hutsunea are negatiboagoa iruditzen zait. «Euskal Herria da biktima» edo «gatazkaren biktimak» bezalako espresioek -azken honen atzean dagoen argudiatzearekin ados nagoen arren- gure posizio politikoa eta gure indar negoziatzailea ahuldu dutela uste dut. Biktimak izendatzeko irizpide argirik ez izateak eta hortik eratorritako inflazioak sinesgarritasuna kentzen diote diskurtso horri.

Beste alde batetik, azken urte honetan ikusi ahal izan dugu kolektibismoari buruzko ikuspuntu faltsuengatik ematen ausartzen ez garen eztabaidek bere bide propioa har dezaketela, a posteriori gure praktika politikoa baldintzatzeraino. Biktimen existentziak konponbidea bilatzeko eta akordioak erdiesteko beharra argitzen du, eta gizartea prozesuan inplikatzera bultza dezake. Nazioarteko esperientziak horrenbeste aipatzen direnean, kontura gaitezen kasu horietan guztietan, era batean edo bestean, bi aldeetako biktimen ikusgarritasuna zein garrantzitsua izan den. Roelf Meyerrek erakusten duen bezala, honelako prozesu batean etsaia arerio bihurtu behar da, lehenik eta behin, gerora aliatu bihur dadin.

Gogoratu naiz. Abestiaren egileaz oroitu naiz: Fermin Muguruza zen. Negu Gorriaken «Borreroak baditu milaka aurpegi» diskoko «JFK» abestia da, Mikel Antzarekin batera idatzitako letra. Eta Fermin, gure laguna al da? Jakina! Katalanentzat Fermin gurua da. Guretzat, ordea, laguna da, burkidea. Batzutan ez digu batere laguntzen gauzak hobeto ulertzen. Baina bere abestiek gauzak hobeto sentitzen laguntzen digute. Beste abesti batek zioen bezala «Te quiero, Fermin»; abesten duzunean batez ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo