GARA > Idatzia > Kultura

Iritsi da uzta jasotzeko garaia Arabako Bertsolari Txapelketan

Otsailaren 24an abiatu eta apirilaren 21ean bukatuko da. Hogei bertsolarik hartuko dute parte bertan eta hiru fasetan jokatuko da: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Sei bertsolarirentzako aulkiak izango dira Gasteizko final handian. Hastear da ABTX'07.

Amagoia MUJIKA | GASTEIZ

Urteroko hitzordu puntuala bertan dute dagoeneko bertsozaleek, datorren larunbatean, hilaren 24an, hasiko baita 2007ko Arabako Bertsolari Txapelketa. «ABTX'07 Jatorrizko Izena» izenburu ponpoxoarekin jantzi dute hitzordua, «jatorria eta izena» daukaten hogei bertsolari parte-hartzaileen aurkezpen txartel modura.

Bertsolariak ez ezik, txapelketa bera ere «jatorrizkoa eta izenduna» dela nabarmendu du Arabako Bertsozale Elkarteak: «Bertakoa da arabar bertsolaritza, etxekoa, lurretik sortua eta lurrari emana». Hartara, «hurbileko zaporea» dastatzeko gonbita luzatu dute, urtean barna -eta urte luzeetan- Araban bertsolaritzaren alde egindako lanaren «uzta» jasotzeko garaia baita.

Txapelketa hiru fasetan jokatuko da: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala. Lehen kanporaketa -guztira hiru izango dira- datorren larunbatean, hilaren 24an, jokatuko da Amurrioko Xarmant Txakolindegian. Estreinako saioan jardungo direnak hauexek dira: Zigor Enbeita, Manex Agirre, Iker Agirre, Serapio Lopez, Alberto Martinez «Betto», Xabier Lasa, Ekaitz Samaniego eta Jagoba Apaolaza.

Beste bi kanporaketak ere uzta onak jasotzen diren tokietan izango dira: Eskuernagako Luis Cañas Upategian bata eta Araiako sagardotegian bestea. Bi hitzordu horiek martxoaren 2an eta 3an izango dira hurrenez hurren. 

Finala, apirilaren 21ean

Bi finalaurreko jokatuko dira eta bakoitzean seina bertsolarik hartuko dute parte, betiere kanporaketetan lortutako emaitzen arabera. Martxoaren 18an eta 25ean izango dira finalaurrekoak, Gopegin, lehenengoa, eta Aramaion, bigarrena.

Azkenik, finala Gasteizko Jesus Guridi Auditorioan jokatuko da apirilaren 21ean. Finalaurrekoetan puntuazio onenak lortzen dituzten sei bertsolariak sailkatuko dira Gasteizko final handirako. 

Adin tarte zabala

Guztira hogei bertsolarik parte hartuko dute aurtengo txapelketan. Parte-hartzaileen batez besteko adina 31 urtekoa da. Zaharrena, Josu Ormaetxea da, 1958an jaioa. Elosun bizi da eta Etxalde behi kooperatiban egiten du lan. Betidanik bertsozalea izan bada ere, orain hiru urte hasi zen bertso-eskolan eta bat-batean kantuan. Laugarren aldiz aurkeztuko da Arabako Txapelketara.

Parte-hartzaileetan gazteena, berriz, Ekaitz Samaniego da -lehenengo aldiz hartuko du parte-. Ormaetxearen eta Samaniegoren tartean, adin tarte zabala eta izen asko topa daitezke; asko oso ezagunak, beste batzuk gutxiago, baina guztiak Arabako uztaren parte.

Esan bezala, uzta dastatzeko garaia da. On egin, bertsozale.

Azken bost urteetako txapelak zigor enbeitak eta asier otamendik partekatu dituzte
 
Arabako Bertsolari Txapelketako azken urteetako txapeldunen zerrendan bi izen dira nagusi: Asier Otamendi eta Zigor Enbeita. Izan ere, azken bost urteetako txapelak bi horien buruetara joan dira: 2003an eta 2006an Enbeitarenera, eta 2002an, 2004an eta 2005ean Otamendirenera. Asier Otamendi Urretxun jaiotakoa da, baina aspaldidanik bizi da Gasteizen. Arabakoak ez ezik, Prudentzio Deuna Sariketako hamaikatxo txapel ere jantzi ditu. Zigor Enbeita Abornikanokoa da, eta bera da joan den urteko txapelduna. Ikusi egin behar, baina horien artekoa baina zabalagoa izan daiteke aurten lehia.
WEB ORRIA
Arabako Bertsozale Elkarteak ahalegin berezia egin nahi du «www.bertsozale.com" web orrian txapelketari buruzko informazio osatua eta eguneratua sartzeko. Dagoeneko martxan da eta pixkanaka osatzekotan dira.
ABIAPUNTUA
Lehen kanporaketa hilaren 24an izango da Amurrion eta honako hauek arituko dira: Zigor Enbeita, Manex Agirre, Iker Agirre, Serapio Lopez, Alberto Martinez «Betto", Xabier Lasa, Ekaitz Samaniego eta Jagoba Apaolaza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo