GARA > Idatzia > Kirolak

pilota Binakako Txapelketa

Olaizola II.ak kalean geratzeko arriskua du bere estreinaldian

Goizuetako pilotariak Koka ordezkatuko du gaur Gonzalezen eta Pascualen aurkako partida erabakigarrian. Finalerdietarako postu bat dago jokoan.

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Justua izan ala ez, txapelketan oraindik estreinatu ez den Aimar Olaizolak Koka ordezkatu eta Otxandorenarekin bikotea osatuko du gaur Gonzalez eta Pascualen aurkako partida erabakigarrian. Tolosako Beotibarren 17.00etan abiatuko den jaialdian finalerdietako ligaxkarako postu bat izango da jokoan.

Lehen partidan Koka eta Otxandorena 22-20 gailendu ziren, Altzako pilotariaren erakustaldiari esker. Otsailaren 2an Urdulizen jokatutako partida horretan Kokak hamalau tanto egin zituen, bederatzi airez.

Joan den astean Tafallan izandako bigarren partidan, berriz, Gonzalezek eta Pascualek kitarako partida behartu zuten, 22-15 irabazi baitzuten. Norgehiagoka horretan ere Kokak oso ongi bilatu zizkion kilimak Azkaineko aurrelariari, eta Asegarcekoek finalerdiak oso gertu izan zituzten. Partida hori irabaziz gero, Aimar Olaizolak ez luke txapelketan parte hartuko eta aurrelari donostiarrak titular postua eskuratuko luke araudia dela-eta.

Hilabete eta erdi jokatu gabe

Kontua kontu, Kokak eta Otxandorenak galdu egin zuten Tafallan eta horrek ateak ireki dizkio Goizuetakoari. Errastiren omenaldian belaunean min hartu eta gero, Olaizola kantxetatik at egon da abendua bukaeraz geroztik. Gaur itzuliko da, bere ordez oso ongi aritu den Kokaren kalterako.

Beotibarren giro ederra espero da, inauteriak baitira Tolosan. Ikustekoa da Gonzalezek zer mozorro ipintzen duen gaur: aurrelari erabakigarriarena, zenbait partidatan erakutsi duen bezala, ala irregulartasunarena. Partidaren aurreko egunetan adierazitakoaren arabera, Gonzalez eta Pascual Olaizolaren bila kantxaratuko dira, Goizuetakoaren sasoi puntua aztertzeko asmoz. Izan ere, aurrelari nafarrak hilabete eta erdi baino gehiago darama partidarik jokatu gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo