GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du Elkartzenek Iruñean eta Bilbon

Elkartzen mugimenduko lagunek bi ekimen egin zituzten atzo etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko: Iruñean espekulazioa gaitzetsi zuten eta Bilboko Mena kalean «eraikuntza enpresen mobbing-a" salatu zuten.

GARA |

«Euskal Herriak eta, bereziki, Nafarroa Garaiak sufritzen duten urbanismo basatia» gaitzesteko asmoz, Elkartzen gizarte eskubideen aldeko mugimenduko kideek hormirudi erraldoi bat paratu zuten atzo eguerdian Iruñean, eraikitzen ari diren etxe batean. Ekimenean parte hartu zuten lagunek jakinarazi zutenez, prezio altuak direla-eta, milaka dira etxebizitzarik erosi edo alokatu ezin duten lagunak. Hala ere, aldi berean, milaka dira eraikin hutsak edota bigarren etxebizitza moduan erabiltzen direnak: 255.263 Euskal Herrian, 69.991 Nafarroa Garaian eta 19.976 Iruñean.

Baliabideen araberako prezioa

Hala eta guztiz ere, lurjabeek, eraikuntza enpresek, bankuek eta politikariek eraikitzen jarraitzen dutela kritikatu zuten Elkartzeneko lagunek, «irabaziak pilatzea baitute helburu». Gendulain paratu zuten adibidetzat. Nafarroa Garaiko Gobernuak 19.000 etxebizitza eraiki nahi ditu bertan 60.000 pertsonentzat, eta, Elkartzenen aburuz, probintziako bigarren hiri bihurtzea ekarriko du horrek. «Ez da hiri berririk asmatu beharrik, aski da eraikin hutsak erabiltzea arazoa konpontzeko», baieztatu zuten.

Horixe da Elkartzenek egin zuen apustua, eta alokairu soziala da proposatu zuen bidea. Prezioak mugatu behar direla pentsatzen dute mugimenduko kideek, eta bizileku hutsak alokatzeko neurriak hartzea ere beharrezkotzat jo zuten. Era berean, urbanismo basatia eta espe- kulazioa bukatzea exijitu zuten, «ez dutelako arazoa moldatzen, ingurumena kaltetzen dutelako eta herrien nortasuna mehatxatzen dutelako». Toki batzuetan, biztanleria bikoizteko edo hirukoizteko xedea dute.

Bilbon izan zen Elkartzenen bigarren ekimena, Mena kaleko hirugarren zenbakiko bizilagunei babesa emateko baliatu zutena. Izan ere, Nekerman 2000 S.L. enpresak beraiei jakinarazi gabe erosi zituen Mena 1 eta Mena 3 eraikinak.

Bizilagunek kontatu zutenez, hiru hilabete geroago hasi ziren arazoak: etxea utzi behar zutela zioen oharra ipini zuen norbaitek atarian, baina idatziak ez zuen sinadurarik; labankadak eta oihuak izan dira; legez kanpoko aldamioa ezarri zuten; egurrezko eraikinean hiru sute izan ziren aste bakarrean; bizilagun bat mehatxatu zuten; eraikina hondatzen ari da eta obrek mugiarazi egiten dute.

Hori guztia salatzearekin batera, baliabideen araberako bizileku duina bermatzeko exijitu zioten atzo Etxebizitza Sailari, eta argi utzi zuten ez dutela dirurik nahi. Heldu den larunbatean, otsailaren 24an, mobilizazioa eginen dute Bilbon eskubi- de hori aldarrikatzeko.

Eraikin hutsak
Milaka etxe huts dago Euskal Herrian, eta milaka dira bigarren bizileku gisa erabiltzen direnak ere. Hortaz, Elkartzeneko kideen arabera, arazoa konpontzeko nahikoa da horiek aprobetxatzea.
MOBILIZAZIOA BILBON
Espekulazioaren eta urbanismo basatiaren aurka daudela adierazteko eta baliabideen araberako bizileku duina exijitzeko mobilizazioa eginen dute otsailaren 24an Bizkaiko hiriburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo