GARA > Idatzia > Kirolak

Harri-jasotzea Marka saioa

Asko kostata, baina Perurenak jaso du 285ekoa

Marijose Sardonek ere marka berria lortu zuen, 100 kiloko zilindro zaharra hamar aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean bost minutuko txandan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Inaxio Perurenak lortu zuen atzo 285 kiloko harria bizkarrean berdintzea, eta marka pertsonala ezarri zuen Donostiako belodromoan, Euskadiko Sei Orduen barruan.

Bi harri ezberdinekin berotu ostean, Inaxio prest agertu zen 285 kiloko harri errektangularra jasotzeko. Horretarako bost minutuko txanda bakarra zuen. Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari. Gerrira ekarri zuen, buelta eman zion, bi kolpe ere eman zizkion, baina harria bular inguruan zuenean, utzi egin behar izan zuen.

Leitzar gaztea lehendik ere urduri, oso urduri zegoen, eta hutsegite horrek kezka eta urduritasuna gehitu zizkion. Alboan, bere aita eta Zelai zituen, eta ahalegindu ziren Inaxioa lasaitzen. Hori bai, ez zuten batere lan erraza.

Tartea pasatzen utzi, eta txanda amaitzeko minutu pasatxo geratzen zitzaionean, berriro heldu zion harriari. Gerrira ekarri ostean, buelta eman zion, han bi kolpe eman zizkion eta doi-doi berdindu zuen bizkarrean. Epaileak balekotzat eman zuen. Beraz, jasoaldia eta marka eginak zeuden. Jendeak ere erruz txalotu zuen leitzarra, nahiz eta bera ez zen oso gustura agertu egindakoarekin.

«Jaso dut, eta hori da balio duena, baina ez nago gustura. Ez naiz ongi aritu», esan zuen Inaxiok marka egin ostean. «Lehen ahaleginean harria gerrian ongi bueltatu dut, baina gero bi kolpe eman dizkiodanean, hankak indarrik gabe geratu zaizkit, eta ezin nuen gora eraman», erantsi zuen.

Era berean, belodromoak errespetu handia jartzen duela onartu zuen. «Urduri atera naiz. Oroitzapen handiak ditut nik leku honekin, nire aitak ere marka handiak egin baititu. Gero, orain dela lau urte huts egin nuen nik, eta hori ere buruan nuen. Lehen jasoaldian huts egiteak kezka areagotu dit, eta asko kosta zait», esan zuen.

Emakumezkoak

Emakumezkoen arteko dema lehen aldiz ikusi zen atzo, ez Euskadiko Sei Orduetan bakarrik, baita bestela ere. Urrira bitartean Urkiola bakarrik aritu da harriak jasotzen, baina orain Sardon ere badabil. Atzora arte, ordea, ez ziren elkarren aurka aritu, eta estreinaldi horrek marka berria ekarri zuen.

Bi kirolariak batera aritu ziren, eta bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra erabili zuen. Bost minutu zituzten horretarako. Hasierako helburua marka egitea ez bazen ere, demak ondorio hori ekari zuen. Urkiolak zuen aurreko marka bederatzi jasoalditan, baina atzo Marijose Sardonek hamar aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainena. Ondoiroz, atzoko garaipena eskuratzeaz gain, harri honekin marka berria ezarri zuen. Ez dago batere gaizki.

Miren Urkiolak ere ez zuen lan txarra egin, baina zortea falta izan zuen. Berak ere hamar aldiz altxatu zuen harria, baina bi baliogabetu zizkion epaileak. Ondorioz, zortzi izan ziren balekoak, lehen berak jasota dituenak baino bat gutxiago. Saio horrek beste ondorio bat ere ekarri zuen. Izan ere, bi neska hauen arteko dema ez da hor geratuko eta seguruenik marka ahalegin gehiago ere etorriko dira. Biak saiatuko dira atzoko marka apurtzen, eta ez litzateke harritzekoa izango bietako edozeinek lortzea.

Atzo, beste neurketa bat ere izan zen harri-jasotzen. Bertan izan ziren Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza. Hauek, 200 kiloko harri errektangularra erabili zuten bost minutuko saioan. Kasu honetan ere batera aritu ziren biak.

Garaipena Ostolatzak eraman zuen, harria hamahiru aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean. Aimar Irigoien ere ez zen gaizki aritu atzoko saioan, baina bi gutxiagorekin konformatu behar izan zuen. Errezildar gaztea gaixorik ibili da, eta atzoko saiora ez zen bere unerik onenean heldu.

Ostolatza nagusitu da
Joseba Ostolatzak mendean hartu zuen Aimar Irigoien. Bi harri-jasotzaileak batera aritu ziren bost minutuko saioan. 200 kiloko harri errektangular banarekin aritu ziren. Zestoarrak 13 altxaldi egin zituen, eta errezildarrak, 11.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo