GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota (Berezkoen bakarkakoa)

Ezkurra II.a eta Ozafrain izango dira finalean

EZKURRA II 40

KURUTXARI 39

J.L. | PAUE

Paxkal Ezkurrak ez zuen hutsik egin, eta finala jokatzeko txartela eskuratu zuen Pauen. Horretarako baina asko sufritu behar izan zuen.

Urruñarrak joko handia izateaz gain, burua ere oso ongi jarrita daukala erakutsi zuen. Partida ia galduta izan zuen (22-33) eta beste edonork etsi egingo bazuen ere, berak aurrera jarraitu zuen. Gero, zailena egin zuen, eta 34-33 aitzinertau zen, baina berriro ere 37-39 galtzen jarri zen. Berak baina jarraitu egin zuen, eta finalean da.

Kurutxarik dena ongi egin zuen; partida itzela jokatu zuen. Paxkal Ezkurrak, aldiz, ez zuen bere egunik onena izan, baina garaipena lortu zuen, eta orain, finala irabazteko ere faborito nagusia da Urruñako atzelaria.

OZAFRAIN 40

ETXETO 31

Patric Ozafrainek lortu zuen finalerako beste txartela. Norgehiagokako bigarren zatian oso ondo aritu zen, eta Ezkurrari txapela kentzeko prest dagoela erakutsi zuen. Partidaren hastapenak ederra izango zela iragartzen zuen, eta horrelaxe izan zen.

Lehen kintzetan oreka izan zen nagusi, baina Etxeto aitzineratzen hasi zen, eta finalerdian berak izandako alderik handiena lortu zuen (7-13). Ordurarte, bi pilotariek teknika latza erakutsi zuten, pilota sarean sartzen eta botearekin abilezia handia erakutsi baitzuten.

Ozafrain, ordea, jokoan sartzen hasi zen, eta partida bikain irakurri zuen. Jokoa atzean egin behar zuen, eta aurrean errematatu. Horixe egin zuen, eta Etxeto ezinean utzi zuen. Bera, berriz, finalean sartu zen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo