GARA > Idatzia > Editoriala

Bushen politika zalantzan AEBetan

Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak Irakeko gerraren gaineko eztabaidak blokeatu izanak George W. Bushen kontrako kolpe gogorra saihestu du; hala ere, ezin daiteke haren garaipentzat hartu. Iraken darabilen politika gaitzesteko propossamenaren aldekoak lau boto falta izan zituzten behar zituzten hiru bostenak iristeko. Nolanahi ere, ostiralean Ordezkarien Ganberak onartutako ebazpena, Bushen politika gaitzesten duena, presidenteak topatu duen lehen oposizio parlamentario nabarmena izan da, loteslea ez izan arren. Badirudi errealitate tematiak AEBetako gizarteari lehenik eta haren ordezkariei ondoren Iraken inbasioa izan zen hanka-sartzearen handia ikusarazi diela.

Hala ere, Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik Bushi aurrerantzean txeke zuririk ez duela izango esan zion arren, ez dago oso argi demokratek noraino eramango duten beren oposizioa auzi horri dagokionez, egunotan agertutakoa maila sinboliko hutsean geratuko den edo beren presioak aurrekontuei betoa jartzeraino iritsiko diren. Ez da ahaztu behar demokraten arteko zatiketa tradizionala, baita Irakeko auziaren inguruan ere. Nolanahi ere, eurek ere ez lukete saihestu behar gizartearen agindua, demokratei bai Ganberan bai Senatuan gehiengoa eman ziena, hain zuzen. Azken hauteskundeetan, ustelkeria zantzu batzuk ere tartean ziren arren, Irakeko politikaren aurkako jarrera izan zen faktore nagusi eta erabakigarriena. Izan ere, esanguratsua da larunbatean zenbait senatari errepublikarrek ere eztabaidak jarraitzearen alde bozkatu izana, beren estatuetan berriz hautatuak izatea jokoan baitute. Denborak esango du, luzeegi gabe, zein interesen arabera jokatzen duten.

Herritarren ordezkari gehienen azken egunotako ebazpenak ez du berehalako efektu praktikorik, ez Ganberarenak, ez -are gutxiago- Senatuko gehiengoak, balio politikoa alde bat utzita. Horrek beste hausnarketa bide bat izan beharko luke AEBetako eredu demokratikoan pertsona batek, presidenteak, biltzen duen botere ikaragarria zalantzan jarri gabe, botere metaketa hori Hegoamerikako herrialde batean, adibidez, gertatzen denean diktadura zantzuak ikusten dituztenentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo