GARA > Idatzia > Kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Abadiñoko taldeak jantzi du bigarren txapela Baigorrin

Bizkaitarrek aise irabazi zuten 680 kilotan, eta jardunaldiko tiraldi guztiak bereganatu zituzten. Sokarri taldea izan zen bigarren postuan

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez da ezusterik izan, eta Abadiñok eraman du denboraldiko bigarren txapela. Berdeak dena irabazteko asmotan agertu dira aurtengo txapelketara, eta oso zaila izango da norbaitek bakarren bat kentzea.

680 kiloko finala jokatu zuten herenegun eguerdian Baigorrin, eta bizkaitarrek aise eraman zuten txapela. Lehen hiru postuak, gainera, 640 kiloko berak izan dira.

Abadiñoko taldeak saioko tiraldi guztiak aparteko arazorik gabe irabazita jantzi zuen denboraldiko bigarren txapela, uste baino lehiakortasun txikiagoa izan baitzen. Sokarri sailkatu zen bigarren. Talde horrek berdeekin galdu zuten baina beste talde guztiak mendean hartu zituen.

Ñapurrak taldea izan zen hirugarren. Ezpeletakoekin bazegoen itxaropenik, baina Abadiñorekin eta Sokarrirekin galdu zuen. Ondoren, beste talde guztiak mendean hartu zituen, eta azkenean, hirugarren postuan amaitu zuen.

Jutsi-Baigorri sailkatu zen laugarren postuan. Nafarroa Behereko taldea etxean aritu zen, baina ezin izan zuen lehenengo hiru postuetan amaitu. Abadiño B, Izaskun eta Lagunak Urruña mendean hartu zituen, baina beste hiru taldeekin galdu zuen, eta laugarren geratu zen. Abadiño B geratu zen bosgarren, Izaskuni eta Lagunak Urruñari irabazita. Izaskunek Lagunak Urruñari bakarrik irabazi ahal izan zion, eta azken talde horrek saioko tiraldi guztiak galdu zituen.

Bestetik, 600 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten larunbat arratsaldean, eta Abadiño B izan zen nagusi. Zortzi talde ari dira, eta ligaxka jokatuko dute. Gero, lehenengo seiak sailkatuko dira finala jokatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo