Txotxongiloak nagusi Euskadiko Orkestraren «Romeo eta Julieta"n
Mercutio traizioz hil du Tybaltek, eta mendeku hartzea erabaki du Romeok. Une horretantxe atseden pixka bat hartu dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Per Poc txotxongilo taldeko kideek eta aukera aprobetxatu dute prentsaurrekoan aurkezteko astelehenaz geroztik Miramonen entseatzen ari diren «Romeo eta Julieta" ikuskizuna. Gaur estreinatuko dute Iruñean; eta bihar, etzi eta etzidamu, berriz, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hurrenez hurren.
Martin ANSO |
Partiturak Prokofievenak dira eta testuak, berriz, Unai Elorriagak jarri ditu euskaraz, betiere Shakespeareren «Romeo eta Julieta» oinarri. Musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoak joko du, Pablo Gonzalez gazte asturiarraren zuzendaritzapean. Antzezkizuna, aldiz, Per Poc konpainia katalanaren txotxongilo erraldoiek egingo dute. Horiek dira, labur-labur, gaur Iruñean eta ondoko egunetan Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan gozatu ahal izango den ikuskizunaren osagai nagusiak.
Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, «Romeo eta Julieta» orkestraren 25. urtemuga dela-eta prestatu duten egitarau bereziko ekintzetako bat da. «Urtemuga honetan, musika klasikoa publiko gaztearengana hurbiltzea da gure helbururik nagusienetako bat. Horretarako, ezin aproposagoa iruditu zaigu bereziki familiei zuzendua dagoen ikuskizun hau programatzea», esan zuen.
Lau metroko txotxongiloak
Ikuskizunaren protagonista nagusia Prokofievek Shakespeareren tragedian oinarrituta egin zuen musika baldin bada ere, gazteengana hurbiltze-saioaren giltzarria Per Poc-en lana da, ezbairik gabe. Anna Fernandez konpainiako kideak nabarmendu zuenez, lan horren protagonistak hamar bat txotxongilo erraldoi dira, gehienak bi metro ingurukoak, baina badira lau metrokoak ere. Horietako bat da Julieta, batzuetan hiru lagunen artean mugitu behar izaten dutena. Ikuskizunaren zuzendari artistikoa Santi Arnal da, baina koreografiei azken ukitua emateko Cesc Gelaberten laguntza izan dute Per Poc-ekoek.
Kontzertuaren zuzendaria, berriz, Pablo Gonzalez (Oviedo, 1975) izango da. Gaztea izan arren, bide luzea egin du dagoeneko. London Symphony Orchestran edota Joven Orquesta Nacional de Españan zuzendari laguntzaile izan da. Hau da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen duen lehen aldia. Atzoko prentsaurrekoan, EOSen maila goraipatzeaz gain, «Romeo eta Julieta» proiektua «zoragarria» iruditzen zaiola esan zuen. «Musika klasikoa eta beste diziplina artistikoak uztartzen dituzten proiektuetan lan egitea beti gustatu izan zait; izan ere, musika klasikoa oraindik zoko jakin batean dagoela uste dute askok, eta zoko horretatik ateratzea eta, are gehiago, publiko gaztearengana hurbiltzea, «Romeo eta Julieta» honek egiten duen bezala, garrantzitsua iruditzen zait».
«Romeo eta Julieta» gaur estreinatuko dute Iruñeko Baluarten, iluntzeko zortzietan. Ondoko egunetan, berriz, ikuskizuna Bilboko Arriagan, Donostiako Kursaalen eta Gasteizko Principalen aurkeztuko dute.
Dagoeneko salgai daude, zortzi eurotan, «Romeo eta Julieta»rako sarrerak. Sarrerarekin batera, Saint-Säensen «Animalien Inauteria» eta Prokofieven «Peru eta otsoa» biltzen dituen CD-liburua banatuko du EOSek, opari gisa.
Titulua: «Romeo eta Julieta».
Interpreteak: EOS eta Per Poc, Pablo Gonzalezek zuzenduta.
Egunak: gaur (Iruñeko Baluarten), bihar (Bilboko Arriagan), etzi (Donostiako Kursaalen) eta etzidamu (Gasteizko Principalen).
Ordua: 20.00.
Euskadiko Orkestrak eta Per Poc-ek gaur estreinatuko duten ikuskizuneko Julieta, «beharbada», gernikarra izango da eta Romeo, berriz, lazkaotarra. Hori esan zuen atzo Unai Elorriagak, narratzailearen testuak euskaratu dituenak. Umorez esan zuen, baina ez esate aldera. Horrekin adierazi nahi izan zuen Shakespeareren hitzak «euskaldun batek esango lituzkeen moduan» jartzen saiatu dela. «`Romeo eta Julieta' egokitzea ez da lan erraza -argitu zuen-. Shakespeareren testua bera eta Albert Plansek eginiko gaztelaniazko egokitzapena irakurri nituen, eta berehala konturatu nintzen hizkuntza arranditsu eta sarri askotan bihurri hori euskarara ekartzea zaila zela. Izan ere, euskaraz halako esaldi luze eta bihurriak egiten direnean, jendea galdu egiten da. Testua aurrean badaukazu, birritan edo hirutan irakur dezakezu, esanahiaren jabe egin arte. Baina behin bakarrik entzun eta ulertu behar baduzu, orduan askozaz testu zuzenagoa egin behar da. Hori izan da nire erronka: gauza berbera esan, baina euskaldun batek esango lukeen moduan». Emaitzarekin pozik dago getxotarra, «oso natural» geratu delako.
M.A.