Bilboaldeko taldea nagusitu da Bertsolari Gazteen BBK Sariketako lehen saioan
Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketa atzo abiatu zen. Bilboaldeko eta Lea-Artibaiko taldeak Markinan lehiatu eta Bilboaldekoak nagusitu ziren. Gaur, berriz, Arratiako eta Ipar Uribeko taldeen txanda izango da.
GARA | MARKINA
Bilboaldeko bertsolariak Lea-Artibaikoei nagusitu zitzaizkien atzo Markinan jokatu zuten BBK sariketako lehen saioan. Alabaina, taldeen arteko aldea oso txikia izan zen. Horren lekuko da puntuazioa: Bilboaldekoek 363,5 puntu; Lea-Artibaikoek, berriz, 362,5. Bertsolari gazteenek (18 urte artekoek) eman zioten Bilboaldeko taldeari nagusitasuna. Izan ere, 24 urte artekoetan, Lea-Artibaikoek irabazi zuten. Azkenean, baina, puntuazioren batuketari esker, kanporaketa Bilboaldekoek gainditu zuten. Aritu ziren bertsolariak, berriz, honakoak izan ziren: Oier Azula, Lander Ibarluze, Garikoitz Salzedo, Pello Urionabarrenetxe, Xabier Iturraspe eta Elene Lejartegi, Lea-Artibaitik, eta Oihana Bartra, Eneko Piedra, Iker Uribarren, Joanes Garmendia, Eire Larrea eta Irati Erkizia, Bilboaldetik.
Gaur jokatuko da Igorreko Institutuan sariketako bigarren kanporaketa. Arratiako eta Ipar Uribeko taldeak lehiatuko dira.
Sei dira BBK sariketan parte hartzen duten taldeak, orain arte aipatutako laurez gain, Busturialdekoa eta Durangaldekoa. Azken bi urteetan Durangaldekoak irabazi du, hain justu.
Taldeok, halaber, bitan banatuta daude, 18 urte arteko bertsolariak, batetik, eta, bestetik, 18 eta 24 urte artekoak.
Guztira, sei izango dira saioak. Hurrengoa Arratzun izango da, martxoaren 6an. Bertan, Busturialdea eta Lea-Artibai arituko dira. Martxoaren 7an, berriz, Durangaldeko eta Arratiako taldeek kantatuko dute Durangon. Martxoaren 13an, Bilboaldeko eta Busturialdeko taldeak arituko dira Bilbon. Martxoaren 14an, azkenik, Ipar Uribe eta Durangaldea, Derion.
Finala martxoaren 23an jokatuko dute, eta ez Bilbon, orain arte bezala, Durangoko Plateruenan baizik.
Parte-hartzea sustatu
Talde txapeldunak 1.260 euro irabaziko ditu eta txapeldunordeak, berriz, 900. Baina sariketan, ohi bezala, askoz garrantzia handiagoa emango zaio parte-hartzeari irabazteari baino. Hala adierazi zuten herenegun Joxerra Bilbaok, Juanjo Respalditzak eta Xabi Paiak, ekimenaren aurkezpenean. Parte-hartzea saritzeko edo sustatzeko hainbat dieta banatuko dira.
Bizkaieraren erabilera bultzatzeko sari berezia izango da aurten ere. Izan ere, jakinarazi dutenez, 140 euro jasoko ditu epaimahaiaren iritziz mendebaldeko euskalkia egokien darabilen bertsolariak.
Directores: Fran Brüggen y Bas Wiegers.
Intérpretes: Margriet van Reisen (mezzosoprano). Orquesta del siglo XVIII. Asko Ensemble. Schönberg Ensemble.
Programa: Sinfonía nº8 en Si Menor D.759 (Schubert). Calmo para mezzosoprano y 22 instrumentos (Berio). Rendering (Berio).
Lugar y fecha: Auditorio Kursaal (Donostia). 26.2.2007.