Europan langileen eskubideak merke
Eedozein herritarrek sumatzen du, askok bere larruan, langileen eskubideekiko errespetu falta gero eta handiagoa egungo Europan. Pertzepzio hori berretsi egin du aste honetan Nazioarteko Konfederazio Sindikalak aurkeztutako txostenak. Eskubide urraketa herrialde batzuetan besteetan baino nabarmenagoa da baina, alderdi batean edo bestean, denetan dago zer deitoratua eta zer aldarrikatua gai horri dagokionez. Europar Batasuneko estatuek lan arloan ez ezik eskubideekin zerikusia duten beste arlo askotan ere hainbat hitzarmen eta aldarrikapen sinatu dituzte, baina beraien praktika paper horietan jasota dagoenaren bestelakoa da. Hori da errealitate gordina.
Txosten horrek ez ditu enpresaburuak leku onean uzten, eskubide urraketa ugariak greba eskubidetik haur esplotazioraino baitoaz, emakumeen kontrako bazterkeria ekonomikoa eta beste hainbat ere tartean direla. Argi dago ez dituztela legeak betetzen, eta hori delitua ez ezik, maila etikoaren, edo maila etikoaren faltaren, adierazle ere bada, dirua langileen segurtasunaren pare eta are gainetik jartzen baitute. Baina estatuetako arduradunak enpresaburu horien parean uzten ditu txostenak, guztiek Lanaren Nazioarteko Erakundearen oinarrizko hiztarmen guztiak berretsi dituzten arren, guztietan gertatzen baitira, neurri betean edo bestean, lan eskubideen urraketak, estatu horiek esku hartu gabe. Hori da, hain zuzen, arazoaren kausa nagusienetakoa, eta bere horretan segituko du, langileen eskubideen kontura, zigorgabetasunak dirauen artean. Sinatzeaz gain, sinatzen dena bete egin behar da, eta egiten ez denean, erantzukizunak eskatu.
Izan ere, edozein herritarrek sumatzen du langileen eskubideak urratzen direla, baina ez salbuespen gisa, edo kasu bakan batzuetan, eguneroko gaitz gisa baizik. Atzo Sondikan lanean ari zen teilatutik erorita hil zen gaztea ohiko urraketa horien azken adibidea da Euskal Herrian. Eta edonor sumintzeko modukoa bada ere, arnesik edo bestelako babes neurririk gabe ari zela jakiteak dagoeneko ez du inor harritzen. Bada harritzeko garaia, baina eskubideak errespetatu egiten direlako.