Larunbatean erraustearen aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute
«Alternatibak badaudelako, errausketarik ez. Ez Zubietan eta ez inon. Galdetu herriari" lelopean, manifestazioa abiatuko da larunbat arratsaldeko bostetan Anoetako futbol zelai ondotik. Hainbat lagun elkartu ziren atzo Gipuzkoako hiriburuan bizilagunei joateko eskatzeko.
Maider IANTZI |
Erraustearen aurkako Gipuzkoako plataformen koordinakundeak eta bertze talde anitzek larunbat arratsaldeko bostetan Anoetako futbol zelaitik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin diete bizilagunei. Horretarako, Koldo Mitxelena liburutegian bildu ziren atzo guztiak: ELA, LAB, CCOO, ENHE, ESK eta STEE sindikatuak, Batasuna, Ezker Batua-Berdeak, Aralar eta Zutik alderdi politikoak, eta Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeace talde ekologistak.
«Handikeriak salatuz eta bidezko alternatibak gauzatzen saiatuz, herritarrok politikarien aurretik goaz -baieztatu zuten Mikel Izagirre eta Juanjo Odriozola bozeramaileek- eta horixe erakutsiko dugu berriro ere asteburuko protestan».
«Dena ez dago erabakia»
Maiatzeko hauteskundeak direla-eta, Gipuzkoako agintariak kezkatuta daudela ohartarazi zuten plataformetako eledunek, «ez baitakite nola saldu hainbeste gezur, lege hauste eta maltzurkeria». Erraustearen aurkakoek salatu zutenez, hiritarra hiritar jauna da garai honetan, baina hauteskunde eguna pasatutakoan pentsatzen ez duen masatzat hartuko dute berriz politikariek. «Horregatik dabiltza presaka, ahal duten guztia erabakia utzi nahi dutelako».
Mikel Izagirreren eta Juanjo Odriozolaren arabera, bada atzera bueltarik. «Errauste planta egitea erabaki dute, baina hamaika oztopo izango dute, eta gutxienez bost urte beharko dituzte burutzeko. Badakite zaborra kudeatzeko bide alternatiboak askoz azkarragoak eta merkeagoak direla, baita ingurumena askoz gutxiago kaltetzen dutela ere. Badakite gipuzkoarrek ez dutela erraustegirik nahi, orain arteko inkestetan eta erreferendum apurretan ikusi dute; horregatik ez dira galdetzera ausartzen», azaldu zuten.
Mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa berrestearekin batera, epaitegietara joko dutela iragarri zuten. Donostiako Udalak presazko prozedura baliatuta errauste planta Zubietan ezartzea erabaki zuelako, eta Azpeitiko Lapatx zabortegiaren inguruan «gezurra» erraten ari direlako. «Hondakin organikoen tratamendu integrala egin behar dela dio Europako Parlamentuak; Lapatxen hondakin organiko batzuk bakarrik konpostatzeko asmoa dute, ordea. Konpostajearen alde gaude gu, baina Gipuzkoako agintariek proposatu duten konpostatzeko moduaren aurka», argitu zuten.
Europako Parlamentuak zaborra gutxitzeari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari eman dio lehentasuna. Errausteak sortzen duen energia baino gehiago kontsumitzen duela eta kutsakorrenetakoa dela erran du, eta zabor organikoa tratatzea ezinbertzekoa dela nabarmendu du. «Erabaki horiek arrazoia ematen digute», ohartarazi zuten.
Azkenik, Europako bertze zementu fabrika anitz bezala, Añorgako Rezola ere edozein hondakin erabiliz -baita arriskutsuak ere- gastuak murrizten saiatzen ari dela salatu zuten. Honezkero baimena eskatua duela jakinarazi zuten.
Europako Parlamentuan hartutako erabakiek arrazoia ematen dietela nabarmendu dute erraustearen aurkako Gipuzkoako plataformek. «Gero eta gehiago emango digute, gainera», iragarri dute