Quicksilver enpresak 15 milioi euro inbertituko ditu Donibane Lohizunen
GARA |
Ur gaineko kirolekin zerikusia duten produktuak (surf oholak, arropak...) fabrikatzen dituen Quicksilver enpresak Donibane Lohizunen dituen instalazioak handituko dituela iragarri du Emmanuelle Lux, talde austro-kaliforniarreko Europarako idazkari nagusiak. Kari horretara, 15 milioi euro inbertitzeko asmoa agertu du taldeak.
Donibane Lohizuneko enpresak 500 langile ditu gaur egun eta bertan sortzen, diseinatzen eta frogatzen dira merkatu frantsesera doazen kolekzioak. Gainera, Quicksilverek Estatuan dituen 150 denda eta salmenta guneetarako logistikako lanaz, salmenten kudeaketaz eta marketingaz arduratzen da egoitza lapurtarra. Orain iragarritako zabalkundearekin, zuzenean 85 lanpostu berri sortuko dira eta beste 40 bat, zeharka, eskumendeko enpresetan.
Quicksilver taldeak Europako merkatua garatzea nahi du eta, batez ere, Erdialdeko Europara hedatu. Behar horiei aurre egiteko, Napali SAS, taldearen jabetzako filialeko ordezkariek adierazi dute Donibane Lohizuneko enpresa berrantolatu egingo dutela, «nazioarteko benetako campusa» bilakatu dadin.
Bost eraikin berri
Xede horrekin, Jalday industriagunean dauzkan lurretan bost eraikin berri egingo dituzte, egun dagoen 700 metro kuadroko eraikin nagusiaren atzean, hain zuzen ere. Eraikin horietan Quicksilver etxeko hainbat markatako arropaz arduratuko dira (DC Shoes, Roxy, Andaska...).
Handitze proiektua gauzatzeko Quicksilverek erakundeen laguntza jasoko du. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak agindu dio jadanik milioi bat euro inguru emango dizkiola egitasmorako.