GARA > Idatzia > Ikusmira

Elikadura subiranotasunaren aldarria Malitik

Nekazariak, arrantzaleak, emakumeak, kontsumitzaileak, immigranteak, indigenak... 80tik gora herritako ehunka ordezkarik bost egunetan Elikadura Subiranotasunerako Munduko Foroaren baitan eztabaidatu ondoren, herriek beren elikadura sistemak antolatu eta garatzeko duten eskubidea aldarrikatu eta, beren esperientziatik, aurrean duten sistema neoliberala, herri azpigaratuak garatuak lehengaiz hornitzera behartu dituena, salatu dute. Herrien, ekoizleen, kontsumitzaileen arazoez, arazo errealez, hitz egin dute. Hain zuzen, ekoizleek, banatzaileek eta kontsumitzaileek egon behar omen lukete elikadura sistemaren erdian, tokian tokiko, nazioan nazioko, merkatuak lehenetsiz. Gai horren inguruko ohiko foroen desberdina izan da. Parte-hartzaileek erosotasun gutxiago izan dute, baina elikaduraren arazoari, arazo estategiko horri, arrazionaltasunez eta modu justuan heldu diote, multinazionalen eredutik aldenduta, Munduko Merkataritza Erakundearen errezeta zaharrak baztertuta, Mendebaldean elikadura eta negozioa identifikatzen dituen ikuspegia urrunduta. Horiek guztiak atzean utzi beharra nabaria izanik, bide berri bat aurkeztu dute, jorratzea merezi duena. Ez da egiteko txikia aurrean dutena, baina herri eta herritar askoren iraupena dago jokoan eta, oztopoak oztopo, hori ez da arrazoi makala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo