GARA > Idatzia > Gutunak

Euri Albizu Telleria EHEko kidea

Bilbok bai eskolak euskalduntzeari

Eskolak ikasle guztiak euskaldundu behar ditu; ikasle orok du eskolaren bidez euskara ezagutzeko eskubidea, euskalduntzeko eskubidea. Egoera ordea, oso bestelakoa da. Egun Euskal Herrian bizi diren ikasleen %35i euskara ezagutzea ukatzen zaie, ez zaizkie beraien hizkuntza eskubideak errespetatzen. Bilbon ere: hiru ikasletik bi ez dira euskaldunduko eta gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak erdal ereduko eskola berriak irekitzen jarraitzen dute. Colegio Miribilla da adibiderik argiena, eskola berria, auzo berrian kokatua, baina ikasleen eskubideak urratzen dituena.

Argi dago egoera aldatu egin behar dela, eskolak berreuskalduntzean duen funtzioa betetzeko hizkuntza politika berri baten beharra dagoela. Euskararen ezagutza osotasunean bermatuko duen aldaketarako garaia da; planteamendu integral baten beharra inoiz baino agerikoagoa da, euskararen erabilera normalizatua lortzeko eta ikasleak osoki euskalduntzeko.

Beraz, aldaketaren beharra aldarrikatu eta mobilizatzeko garaia da. Aldaketok jendarteak bultzatu behar ditu, eta hortaz jendartearen presioa ezinbestekoa da. Herritarrak, sindikatuak, hezkuntza eragileak, euskalgintza, nazio eta herri mailan, elkarlanean, instituzioei aldaketak eragiteko eskatzeko ordua da!

Bilbon, bihar, haur jaialdia egingo dugu aldaketaren beharra aldarrikatuz. Bilbon bada garaia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo