GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Larderiaz nazkatuta

Nazka, zeharo nazka eginda nago orojakile autistekin, besteak ergeltzat hartu eta inor baino ergelagoa den harexearekin

Nazkatuta nago botere harremanekin, eremu xumeenean ere agertzen diren indar erlazioekin. Nazkatuta nago txoko esklusiboekin, hurkoa baztertzearekin, klub selektiboen esentzialismoarekin.

Nazkatuta nago sorbaldaren gainetik begiratzen dizutenekin, informazio xeheena ere ezkutatzen dutenekin, kriptikotasuna arma gisa erabiltzen dutenekin.

Nazkatuta nago isiltasuna ikur egiten dutenekin, norabide bakarreko komunikazioa (inkomunikazioa) inposatzen digutenekin, elkar ulermenerako ez ekarpenik ezta ahaleginik ere egiten ez duten horiekin.

Nazkatuta nago. Nazka eginda nago, goraino, lehiakortasun antzuarekin, umekeria baino ez dena printzipioen kategoriara igoaraztearekin.

Nazkatuta gu eta gutarren eremutik baino harantzago ikusten ez duten haiekin. Nazkatuta -norainoko nazka den azaldu ere ezin dela azaldu,- huskeriak baino ez diren kontutxo eskasenak handi-manditzeko joerarekin.

Nazka-nazka eginda jarrera patriarkalarekin; begibakarkeria bertute bihurtu nahi izatearekin. Nazkatuta, zeharo, begirune ezarekin, nagusikeria eta larderiarekin, norgehiagoka merke-merkearekin. Nazkatuta nago bidegile izan ordez, hesi-eraikitzaile diren horiekin, hurkoarekiko jarrera zekena agertzen dutenekin, eskuzabaltasun falta absolutuarekin, begirada miopeekin.

Nazka, zeharo nazka eginda nago orojakile autistekin, besteak ergeltzat hartu eta inor baino ergelagoa den harexearekin. Nazkatuta, bekainetaraino nazkatuta, auzokoaren askatasunaren jalea den boterezale gosetiarekin, libertadea ondasun indibiduala eta bakarrik norberarentzat dela uste duen tirano gurakoarekin.

Nazkatuta nago, nazka, bere burua berezitzat duen gizaki miserablearekin. Hurkoa baino listoagoa dela uste duenarekin. Sinistuta duenarekin gainontzeko guztiak motzak direla, artaldeko, ezjakin, legejale... ni eta nitarrak ez beste guztiak morroi direla alegia, norbera eta norberatarrak izan ezik.

Nazkatuta txiringo ofizialei kritika gordina egin (egin beharreko kritika, noski) eta norberaren txiringoa zazpi giltzarrapopean ixten duten haiekin.

Nazkatuta enpatia eskasiarekin, besteengan inolako konfiantzarik ez dutenekin. Nazkatuta prepotentzia, prepotentzia eta prepotentziarekin. Nazkatuta.

Nazkatuta birjinitatearen zuritasunaz janzten diren kale-ibiltzaile eskarmentatuekin. Nazkatuta jarrera baztertzailea dohain baliotsua balitz bezala agertu nahi dutenekin. Nazkatuta adorea eta ausartkeria nahastu eta bereiztu ez dutenekin. Nazkatuta bere burua eredutzat jarri nahi eta gainontzeko guztiak justifikatzeko tenorean jartzen dituzten bertutetsu ustekoekin. Nazkatuta pleitesia-gose diren gizajoekin. Nazkatuta nago antzekoen artean bakarrik murgiltzen direnekin, askotariko giroan arnasa hartzen ez dakitenekin, klonikoen txokoan soilik eroso sentitzen direnekin. Ez klase, ez genero, ez ideologia pluraltasuna ametitu ezin dutenekin.

Nazkatuta nago. Ez dakit argi geratu den. Gogaituta. Nardatuta. Aspertuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo