A-64, A-63 eta A-8 autobideak teletxartel berarekin ordainduko dira
Ainize BUTRON |
Gaur, goizeko zazpietatik aurrera Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako auto gidari guztiek ordainlekuetarako teletxartelak A-63 eta A-64 autobideetan baliatzen ahalko dituzte.
Txartel horiek A-63 autobidean Benesse Maremne herriko ordainlekura arte, eta A-64an Baionatik 212 kilometrora dagoen ordainlekura arte baliatzen ahalko dira, Toulousera iritsi aurretik dagoen ordainlekura arte, hain zuzen ere.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrek, berriz, Liberty Ocean abonamenduaren bidez A-8an Zarautz arteko ordainlekuetan txartelarekin ordaintzen ahalko dute. Marc Obadia ASF egiturako arduradunak gogoratu zuen: «otsailean akordio bat izenpetu genuen Bidegirekin, eta horri esker sistema hau gauzatu ahal izan dugu».
Ekimenaren berezitasuna ere goraipatuz zuen: «Lehen aldia da Europan horrelako sistema bat martxan jartzea lortzen dela. Bi aldeetako herritarrentzat baliagarria izan daitekeela uste dugu».
Beherapenik ez
Txartelak erabiltzen ahal badira ere beraien bidez gidariek ez dute bidesarietan beherapenik izango. «Ipar Euskal Herriko gidariek %30eko beherapena daukate txartelari esker. Beherapen hori ez da gauzatuko A-8ko autobidean, eta tarifa betea ordaindu beharko dute. Gauza bera gertatuko zaie Hego Euskal Herriko herritarrei», argitu zuen Obadiak.
Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako herritarrez gain, ASFko arduradunaren arabera, Estatu espainolean erabiltzen diren txartel guztiak A-63an eta A-64an baliatzen ahalko dira.
Bestalde, txartela ez badabil gidariak beste ordainketa mota batekin ordaindu beharko duela ere nabarmendu nahi izan zuen Obadiak. Eta, aurreko berinan bi txartel jarriak dituen gidariari bi aldiz ordainaraziko diotela gehitu zuen. «Ez diogu sobera ordaindutakoa diruz itzuliko», esanez bukatu zuen .