GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marinek eta Guemesek tortura jasan zutela berretsi dute epailearen aurrean

Sonia Marin bilbotarrak eta Itxaso Guemes donotiarrak 2005. urtean Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren eskuetan jasan eta salatutako torturak berretsi zituzten atzo Madrilgo Instrukzio Epaitegiaren aurrean. Guemesi azterketa fisiko-psikologikoa egin zioten.

GARA |

Sonia Marin Vesga eta Itxaso Guemes Madrilen izan ziren atzo, duela bi urte Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren eskuetan jasan zituzten torturak berriz ere epailearen au- rrean salatzeko.

Sonia Marin Vesga bilbotarra, Guardia Zibilak atxilotu zuen 2005eko maiatzaren 9an. Lege espainolak jasotzen duen inkomunikazio epea igaro eta epailearen aurretik pasa eta gero, aske geratu ondoren, torturak jakinarazi zituen 34 urteko emakumeak. Bilboko epaitegian jarri zuen salaketa.

Sonia Marinek jarritako salaketaren ikerketaren ardura Madrilgo 31. Instrukzio Epaitegiari dagokio eta atzo zitatu zuten bere salaketa berretsi zezan.

Itxaso Guemes donostiarra berriz, Polizia espainolak atxilotu zuen Iruñean 2005eko otsailaren 8an. 30 urteko emakume horrek ere torturak salatu zituen eta salaketa ezarri zuen Iruñeko epaitegietan. Madrilen inkomunikazioa jasan eta gero eta Auzitegi Nazionalean deklaratu ostean, espetxeratu egin zuten. Aurten geratu da aske, otsailean hain zuzen.

Itxaso Guemesen salaketaz Madrilgo 21. Instrukzio Epaitegia arduratzen da. Atzo, salaketa berresteaz gainera, azterketa fisiko-psikologiko bat egiteko deitu zuen epaileak. Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) atzo esandakoaren arabera, ez da Itxaso Guemes horrelako azterketa batetara deitu duten lehenengo aldia.

Esku-burdinak jarrita

Lehenengo aldian, atxilotze garaian, «Itxasok uko egin zion azterketa fisiko-psikologiko horri, azterketa egiteko modua zela eta», azaldu zuen atzo TATek idazki batean. «Eskuak bizkarraldean esku-burdinekin lotuta, bi guardia zibil ondoan zeuzkala eta jendez gainezka zegoen bulego batean egin nahi zioten azterketa» Donostiako emakumeari, Torturaren Aurkako Taldeak azaldu zuenez.

Gauzak horrela, «helegite bat aurkeztu genuen momentu hartan eta azkenean arrazoia eman digute. Horregatik deitu dute orain berriro azterketa fisiko-psikologikoa burutzeko» gaineratu zuen TATek.

Horren harira, Torturaren Aurkako Taldeak bi kasu horien, «zein gainontzeko tortura kasu guztien benetako ikerketa» eskatu du.

«Eskura dauden froga guztiak erabili daitezen ere eskatzen dugu, jakin badakigulako, inkomunikazio egoerak batetik, eta torturatzen duten Polizia espainol, Ertzaintza edo Guardia Zibilaren `profesionaltasunak' bestetik, oso zaila egiten dutela tortura zantzurik aurkitzea» esan zuen idazkian.

azterketa

Salaketa berresteaz gain, Itxaso Guemes azterketa fisiko-psikologiko bat egiteko deitu zuen epaileak, aurreko batean esku-burdinekin eta eta bi goardia zibilen ondoan aztertu nahi zutenean uko egin ziolako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo