Lurraren inguruko tentsioa Elorrion
Udaletxea eta inguruak ertzainez josita zeudela publikorik gabe egindako udalbatzan onartu zuten atzo Elorrioko Plangintza Nagusiaren ¯lehenengo fasea soilik onartuta dago¯ unean uneko aldaketa bat; hain zuzen, San Anton inguruan dagoen hamar hektareako nekazaritzako lurzorua industria-eremu bihurtzeko. Bere garaian Sprilur-ek erosi zuen lurra, eta plataforma zabala osatu dute Elorrion industrialde bihurtzeko asmoaren kontra.
Kepa PETRALANDA |
ELA, LAB, EHNE eta CCOO sindikatuek, Batasunak, EBk -hasiera batean EAJko bi zinegotzik ere hartu zuten parte- eta herriko talde eta elkarte gehienek osatzen dute duela urte batzuk Elorrion sortutako plataforma. Helburua argi zegoen: bere garaian San Anton inguruan Sprilur-ek erositako «goi mailako nekazaritzako balio estrategikoa» duen hamar hektareako lur zatia industria-eremu ez bihurtzea. Plataforma ez dago industrialdea egitearen kontra, baina ez du onartzen leku horretan jarri nahi izatea.
Gainera, azkenengo hilabeteetan salatu dutenez, prozedura oso salagarria izan daiteke; izan ere, plataformako kideek azaldu dute: «Ezin da onartu Plangintza Nagusia lehenengoz onartu besterik egin ez dutenean, unean uneko aldaketa bat egitea; ez zaigu zilegi iruditzen. Gainera, ez dugu uste unean unekotzat har daitekeela; hogei hektareako gune bat da, eta zerbait potoloagoa dela uste dugu».
Auzokideek beste gauza bat salatu dute: Arrasateko irteeran dagoen alderdi horretan dorretxe bat dago, eta hasiera baten errespetatuko zutela hitz eman bazuten ere, badirudi gaur egun ez dagoela batere argi dorretxearen etorkizuna zein izango den.
Horiek hala, atzoko udalbatzaren gai-zerrendan agertzen zen unean uneko aldaketa, eta hainbat auzokide izan ziren udaletxean. Plataformako kide batek hitza hartu zuen hori guztia salatzeko, eta legearen aldaketa eteteko eskatu zuen.
Onarpena
Bitartean, hainbat ertzain zabaldu ziren udaletxe inguruan eta ondoko kaleetan. Udaletxearen barruan, berriz, Udaltzaingoa zegoen, eta tentsioa gero eta handiagoa zen. Hainbat oihu eta txistu izan ziren, eta PSEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek eta auzokideren batek irainen bat esan zioten elkarri.
Agustin Asua alkateak osoko bilgura eteteko agindu zuen, eta geroago publikorik gabe egingo zutela esan. Hala ere, hainbat auzokidek bertan gelditzeko asmoa erakutsi zuten. Baina, azkenik, ertzainak agertu zirenerako, udal gela hutsik gelditu zen.
Elorrioko udal bilkura geroxeago egin zuten, publikorik gabe orduan. EB alderdiko zinegotziek kontra bozkatu zuten, baina Plangintza Nagusiaren unean uneko aldaketa onartu zuen gehiengoak, San Antoneko hamar hektareako lur zorua industria-eremu bihurtzea.
Udalbatza bukatu zutenean ere, ertzaienek babestu zituzten PSEko zinegotziak, eta inguruan ziren hainbat auzokidek iraindu zituzten.
Geroago Durango Irratian alkateak esandakoaren arabera, atzoko udalbatzarrean «tentsioa» izatea «espero zuten». Agustin Asuak adierazi zuenez, horrelako tentsioa espero zuten; izan ere, «helburu politikoak direla-eta», goi mailako nekazaritzako balio estrategikoa duen lur zatia industrialde bihurtzeko erabakia «erabiltzen ari dira batzuk».
Duela hainbat urte, «goi mailako nekazaritzako balio estrategikoa» duen hamar hektareako lur zati bat erosi zuen Sprilur-ek. Orain Udalak Plangintza Nagusiaren unean uneko aldaketa bat onartu du industria- erabilera emateko.