ACB Liga
Eskuin oinetik operatuta, liga amaitu zaio Federico Kammerichsi
GARA | DONOSTIA
Azken asteotan asko sufritu eta gero, Fede Kammerichs, Bruesa GBCko hegaleko argentinarra, eskuin oinetik operatu zuten atzo. Gutxienez zortzi astean baja izan beharko duenez, Kammerichsentzat liga amaitu dela esan daiteke.
Hala, atzo goizean talde donostiarrak hegalekoari ebakuntza egingo zitzaiola iragarri zuen eta arratsaldeko 19.00etan Poliklinikako Ateneo Salan prentsaurrekorako deialdia egin zuen.
Bertan Bruesa GBCko medikutza zerbitzuetako buru Agustin Alvarez, talde donostiarreko sendagile Eider Etxeberria eta Fede Kammerichs bera ziren azaltzekoak. Horiez gain, argentinarraren taldekideak ere prentsaurrekora azaldu ziren.
Agustin Alvarez mintzatu zen lehenengo. Bere hitzetan, «eskuin oineko bosgarren metatartsoko puska eten egin da eta tendoiarekin egiten duen marruskaduraren erruz, oina handitu egiten da eta mina eragiten du. Bizitza normala egiteko ez da larria, baina bai kirolari profesional batentzat».
Sendagilearen esanetan, ebakuntzan «torloju berezi bat ezarriko diogu puska hori hezurrari lotzeko, eta zelulak berrindartzeko tratamendua ipiniko diogu».
Osatzeko denborari buruz, aldiz, garbi hitz egin zuen. «Sei aste errekorra litzateke, baina gutxienez zortzi aste beharko ditu. Operatu eta hurrengo bi egunetan oina geldirik izan beharko du. Errekuperazioa, berriz, hamar egunen buruan hasiko du», esan zuen.
Kammerichs berak hitz egin zuen ondoren. Taldekideei eta hedabideei «eskainitako laguntzagatik eskerrak» eman zizkien hegalekoak. Bestalde, taldeko medikuengan «konfiantza osoa» duela aitortu zuen.
Bilbao Basket
Bere aldetik, Bilbao Basketek patrozinatzaile berria aurkeztu zuen atzo, Alcotán enpresa bizkaitarra. Aurtengo denboraldirako eta hiru hurrengoetarako sinatu dute.