GARA > Idatzia > Mundua

«Joan-etorriko" elkartasuna lantzeko brigadak aurkeztu ditu Askapenak

Euskal Herriaren egungo egoera mundura zabaldu eta munduko errealitateak Euskal Herrira ekartzeko hamaika brigada antolatu du aurten ere Askapenak. «Joan-etorriko" elkartasun horretan, besteren artean, Palestinara, Ekuadorrera, Irlandara eta Boliviara salto egingo du.

Ainara LERTXUNDI |

Euskal Herria mundura eta mundua Euskal Herrira ekartzeko hainbat brigada antolatu ditu Askapenak urtero bezala. «Ez dugu geografia ariketa bat bilatzen, ezta paraje miragarrien argazkirik ere», adierazi zuten atzo Ruben Sanchezek eta Aritz Ganboak. Izan ere, «joan-etorriko elkartasuna» garatzea dute helburu. «Mundua aldatzeko konpromiso zintzoak bilatzen ditugu; inperialismoa eta zapalkuntza sistemak desagerraraz daitezkeela erakutsi nahi dugu», esan zuten. Azken batean, nabarmendu zutenez, brigadak «borroka konpromisoa» adierazten du; elkartasun internazionalistarako «konpromiso zintzo eta serioa», alegia.

Lehentasunen artean, «gure herriko errealitatea munduratzea» dago. Alde horretatik, egungo egoera politikoaren garrantzia nabarmendu zuten. «Askok sartu nahi dugu Euskal Herrian askapen nazional eta sozialerako prozesu batean; autodeterminazio eskubidearen bidez herri hau demokratikoki eraiki nahi dugunok, hain zuzen ere», helarazi zuten.

«Joan-etorriko» bide horretan, «munduan dauden borroka eta elkartasun adibideak ezagutzea» izango da «brigadisten lana». Dena den, hori ez da zeregin bakarra, itzulitakoan, bizitako esperientzien berri eman behar baitute.

«Maputxe edota Kuna herrien borroka, Boliviako energia iturburuen nazionalizazio prozesua, Venezuelaren sozialismorako bidea, palestinarren elkartasun konpromiso paregabea, Kubako iraultza, Mexikoko intsumisio adibideak eta herritarren botore eskuratzea, Irlandako prozesuaren gakoak edo Uruguaiko ezkerraren batasun prozesua izango dira brigadistek Euskal Herrira ekarriko dituzten esperientzen lagin txiki bat», azaldu zuten.

Aurten, nobedade gisa, Ekuadorrera iristeko asmoa du Askapenak. Era berean, hezkuntzaren eta hizkuntzaren eremuei arreta berezia jarriko die. Hala, Argentinan hizkuntza gutxituen gainean izango diren jardunaldietan esku hartuko du. Brigadistek Kuna eta Maputxe herrien eta Boliviako hizkuntzen trataera gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Brigaden inguruko informazio zehatza eskuragarri dago webgunean: www.askapena.org. Izena eman nahi dutenek Askapenaren egoitzetara deitu behar dute. Datuak eman ostean eta lanari ekin aurretik, prestakuntza fasea egongo da.

«bizirIk irauteko"

«Internazionalismoa ez da printzipio etiko soil bat; herriek bizirik irauteko behar duten tresna eta herrien arteko samurtasuna da», nabarmendu zuen Askapenak. Aurten 20 urte betetzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo