GARA > Idatzia > Gutunak

iñaki iribarren galbete Askatasuneko kidea

Nafarroako Auzitegia, tresna errepresiboa?

Asteazkenean Nafarroako Auzitegiaren epaile batzuk bildu ziren eta hurrengo egunetan erabakiko da Ihan Tabar gaztea, 19 hilabeteko espetxe zigorra izanda, atxilotua eta kartzelatua izango den. Gogoratu nahi dugu gazte hau Iruñeko Udaltzaingoak atxilotu zuela Euskal Jai Gaztetxearen hustean eta suntsiketan egindako razzia polizialetan.

Zigorra kartzelan betetzeko, bi urtetik gorakoa izan behar da. Bi urte baino gutxiagokoa bada, normalean epaileak erabakitzen du kartzelan ez sartzea. Horretarako, kondenatua izan den pertsonak jarritako isun ekonomikoa ordaindu behar du eta kontuan hartzen da pertsona horrek antezedenteak ez izatea. Hala izan da orain arte behintzat. Baina oraingoan ez da horrela. Ihanen kartzela zigorra bi urtekoa baino gutxiagokoa da, jarritako isuna ordainduta dauka eta ez du antezedenterik. Ez dugu uste kasualitatea denik Xabier Errea kartzelara bidali zuen epaile berak, Fermin Otamendi epaileak, oraingoan horrelako erabaki eszepzional bat hartzea, ateak irekiz datozen hilabeteetan hamarnaka nafar kartzelara bidaltzeko. Kartzelaratzeko erabakiak herritaren kontra ezar ditzakeen neurri errepresiboei begirako pauso kualitatibo bat adierazi zuen. Eta epaile hau, UPNk gustuko ez dituen herritarren kontrako erabakiak ezartzeko, politika honen ariete izaten ari da.

Uste dugu erabaki honetan UPNren eskua dagoela. Del Burgo eta Aizpun defuntuaren alderdiak bere inguruko epaileak erabiltzen ditu beren justizia inposatzeko. Gauza bera egiten ari da bere enpresariekin, bere komunikabideekin eta bere poliziarekin. UPNk Entzutegi Probintziala erabiltzen du zirkulu errepresiboa ixteko. Lehenengo eszepzio lege eta ordenantzak prestatzen dira, ondoren polizia hainbatek lege hauek betetzera behartzen zaituzte eta azkenik Entzutegi Probintzialak epaitzen zaitu. Honek, legez hornitzen ditu haien neurri antidemokratikoak eta inpunitatez poliziaren aktuazio errepresiboak, eta «eredugarri» izan nahi duten santzio bereziak ezartzen ditu. Neurri hauek Nafarroak bizi duen estatu poliziala laguntzen dute eta UPNri inposaturiko markoak mantentzen laguntzen diote, eta, gainera, haiek bezala pentsatzen ez dutenak isilarazteko balio zaie PSNren isiltasunarekin. UPN errepresioa gogortzen ari da.

Herri honen egunerokotasunean, helburu politikoekin, errepresioa eta oinarrizko eskubideen urraketa ahalbidetzen duen inposaturiko marko politikoan dago arazoa. Marko honek herri bezala ditugun eskubideak ukatzen dizkigu eta hau mantentzeko, estatu polizial-judizial-errepresibo bat inposatzen da. Beraz, arriskutsua da haientzat eta marko inposatuarentzat herritarrek haien eskubideak praktikara eraman nahi izatea, kasu honetan okupazioaren mugimenduak egin duen bezala. Horregatik haien aurkako basakeria hau.

Gero eta beharrezkoagoa da errepresio hau guztia geratuko duen horma errepresibo baten sorrera. Bukatzeko, Ihan, Xabi eta jazarpen eta errepresio poliziala pairatzen duten beste guztiei UPN bezala ez pentsatzeko, haien proiektuekiko duintasuna erakusten jarraitzen dutenei, gure agurrik beroena bidali nahi diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo