Donostian egingo duten ekitaldi nagusira joateko deia Eskolak Euskaldunduk
Martxoaren 10ean amaituko ditu Eskolak Euskaldundu herri ekimenak mobilizazioak. Helburua gazteek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatzea da, eta horixe bera eskatuko dute ekitaldi nagusian.
GARA |
Eskolak Euskaldundu herri ekimenak hainbat deialdi egin ditu azken egunetan herritarren hizkuntza eskubideak aldarrikatze aldera. Hezkuntza eta euskalgintza alorreko eragileek heldu den martxoaren 10ean emango diote amaiera ekimenari, eta horretarako ekitaldi nagusia antolatu du ekimenak Donostiakoa Antiguako pilotaleguan.
Kideek esan zutenez, ekitaldi horren xedea euskara jakitea herritar guztien eskubidea dela adieraztea eta eskolek eskubide hori bermatu behar dutela zabaltzea da. Helburu horiexek aldarrikatzeko ekitaldi nagusian egon daitezen Euskal Herri osoko eragile politiko, sindikal eta sozialei egin zieten gonbita, baita herritar guztiei ere.
Kideek jakinarazi zutenez, aldarrikapena eta jaia uztartuko dituzte. Lehen arloari dagokionez, munduko hainbat herritatik etorritako pertsonek euskararekiko konpromisoa adierazteko agiria aurkeztuko dute, eta hezkuntza eta euskalgintza arloko eragileek adierazpen bat ezagutaraziko dute. Bestetik, ekitaldira bertaratzen direnek, hainbat antzezlanez gain, Porrotx pailazoaren eta Pantxoa eta Peio kantarien parte-hartzeaz gozatu ahalko dute, atzo azaldu zutenez.
Baina jaiaren berri emateaz gain, atzoko agerraldian azken urteetan egin duten borrokaren errepasoa egin zuten. Alde horretatik, beste behin hizkuntza eskubideen urraketa nabarmen gertatzen ari dela adierazi zuten. «Milaka haur eta gazteri euskara jakiteko eskubidea urratzen zaie. Honek egoera oso larrian jartzen du gure hizkuntzaren etorkizuna, baina denborak aurrera egin ahala, egoera horrek okerrera egin dezakeela ohartarazi nahi dugu», adierazi zuten.
«Egiturazko neurriak»
Haien esanetan, egiturazko arazoa da, eta, horrenbestez, egiturazko neurriak hartuta eta aldaketak eginda aurre egin behar zaiola adierazi zuten. «Gaur egun euskara jakitea bermatzen ez duten politikak gainditu behar dira, eta Euskal Herri osoan eskubide hori bermatuko duen aldaketaren beharra nabarmendu nahi dugu politika berri bat abiarazita», adierazi zuten. Gainera, egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza ereduen gainean dagoen eztabaidaren garrantzia aipatu zuten.
Haien iritziz, ikasle guztiek euskaraz jakitea bermatzeko oinarrizkoa da hainbat puntu aintzat hartzea. Batetik, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza dela kontuan hartzea, eta nazioarteko adierazpen hainbatek berezko hizkuntza jakitea giza eskubidea dela aintzat hartzea. Bestetik, ikasleen hizkuntza eskubideak lehentasunez errespestatzea oinarrizko jotzen dute, bai eta euskara irakasteko hizkuntza duen sistema ezartzea; «Euskal Herri osoan belaunaldi berriei euskaraz jakitea salbuespenik gabe bermatuko dien sistema integrala, hain zuzen».
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, unibertsitate euskaldun bat aldarrikatzeko, manifestazioa egin zuten Ikasle Abertzaleen deialdiari jarraituta. «Nazkatuta gaudelako gure eskubideak urratuak izateaz, egoera jasangaitzat jotzen dugu; ez gaude prest horrela jarraitzeko; ez gaude prest gure ama hizkuntza nola zanpatzen duten ikusteko», adierazi zuten.
Egoeraren erantzule jo zuten Pedro Burillo errektorea; unibertsitatean daramatzan lau urteetan euskararen presentzia bermatzeko ezer gutxi egin duela adierazi zuten. «Gure esku dago horrelako lau urte gehiago jasan behar ez izatea; orain da mementoa gure indarra, ikasleon indarra, erakusteko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren %100 euskalduntzearen bidean jartzeko», azaldu zuten. Orain artean lortutakoa ikasleen borrokari esker izan dela gogorarazi zuten, eta egingo diren bileretan parte hartzeko gonbita egin zieten ikasleei. Halaber, bihar Eskolak Euskaldunduk Iruñean autobus geltokitik 18.30ean irtenda egingo duen manifestazioari atxikimendua adierazi zioten ikasleek.