GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lur Berri, Donapaleuko kooperatiba, arto-hazi transgenikoa banatzen hasiko da

GARA |

Lur Berri kooperatibak berrikitan jakinarazi zuen arto hazi transgenikoa banatzen hasiko dela. Donapaleun dago, eta erabakia laborariek egindako eskaeraren ondorioa dela argitu zuen.

«Lur Berrik ez du transgenikoak landatzea bultzatuko; aldiz, laborariek egindako eskaerei erantzunen diegu», esan zuten kooperatibako arduradunek.

Lur Berri hazi transgenikoa banatuko duen lekuko bigarren koperatiba da, beraz. Duela hilabete bat, izan ere, Euralis enpresak erabaki bera hartu zuela jakinarazi zuen. Baina Euralisek erabakia azken urteotan izandako parasitoen erasoekin lotu zuen.

Berria, izan ere, «Euskal Herriko kazeta»k zabaldu zuen joan den asteartean. Bertan Sauveur Urrutiagerre Lur Berriko lehendakariak esaten duenaren arabera, transgenikoa banatuz kooperatibak ez du erabilera sustatzen, baina ekoizpenaren jarraipena egiteko beharrez- koak diren neurriak hartzea errazten du.

«Laborariek artoa ematen digute; transgenikoa nork egiten duen ez badakigu, guztia elkarrekin nahasten dugu», argitu zuen.

Arto transgenikoa nork egiten duen jakiteak banaketa egitean lana erraztuko zuela gaineratu zuten arduradunek, eta, beraz, transgeniko ez den artoa ez da kutsatuko.

Lur Berrik 500 hektareatan hazi transgenikoa ereiteko eskaera izan zuela argitu zuen. Eta eskaera horiek gehienbat Landak, Biarno eta Pirinio Garaia eskualdeetako laborariek egindakoak dira. «Horrelako artoa eskatzen duten laborariek parasitoekin arazoak izan dituzte», gehitu zuten kooperatibako arduradunek.

Saltzearekin batera, transgenikoa landatzeko orduan hartu beharreko neurriak eta hazi mota horren baliagarritasuna nekazariei esplikatzeko asmoa zutela gaineratu zuten.

Landaturiko arto hori nori salduko dioten galdera egin zioten, eta kooperatibako arduradunak adierazi zuen Estatu espainolera salduko dutela. Haziak Pioneer eta Monsanto enpresetan erosiko dituzte.

Enpresa estrategia

Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakariak gaur egun galdera bakarra dagoela nabarmendu zuen: «Ipar Euskal Herrian transgeniko horiek nahi ez dituzten laborarien eskaera masiboa». «Laborari batzuen eskaerak ez du pisurik lekuko laborari gehienen iritziaren aurka». Trasgenikoen banaketari dagokionez, Lur Berri «enpresa estrategia» batean sartzen zela gaineratu zuen.

«Aspaldidanik martxan jarri nahi duten prozesua justifikatzen saiatzen dira. Horrelako kulturetarako ez dago bat-bateko eskaerarik; Lur Berrik galdera sortzen du, besterik ez», nabarmendu zuen. Horrenbestez, enpresa handiei Lur Berrik dien mendetasuna tamalezko jo zuen Berhokoirigoinek.

«Kooperatiba batek laborariak babestu eta bildu beharko lituzke. Transgenikoekin elikagaien talde handien menpe jartzen dira», esan zuen. Azkenik, errealitate horretan, Ipar Euskal Herrian, kalitatearen bideari jarraitzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo