pilota Berezkoen Binakakoa
Waltari kubatarraren ordua iritsi da
Kubako pilotaria Etxetorekin bikoa osatuta arituko da Txapelketan, baina ez da faborito nagusia izango
Jon LEUNDA | BAIONA
Bakarkako Txapelketa amaitu berria bada ere, pilotariek ez dute atseden hartzeko tarterik izango, etzi abian jarriko baita Binakako Txapelketa. Bederatzi bikote arituko dira lehiaketa horretan, guztiak ere EPB enpresakoak. Finala Baionan jokatuko dute, Moderne trinketean, apirilaren 28an. Lehiaketako berrikuntza nagusia, berriz, Waltari kubatarra da, lehen aldiz jokatuko baitu txapelketa ofizial bat. EPB enpresarekin kontratua sinatuta dauka, eta hemendik aurrera ikusteko modua izango dute zale guztiek.
Honako bederatzi bikote hauek izango dira lehian: Etxeberri-Istillarte, Aranburu-Errekart, Idiart-J.C.Dermit, Ezkurra I-Maite, Muskarditz-R.Dermit, Waltari-Etxeto, Larretxea-Ezkurra II.a, Ibarrola-Kurutxari eta Sorhuet-Ozafrain.
Lehen fasean bost bikotek hartuko dute parte, eta kanporaketa zuzenak izango dira. Hasteko, Lekornen neurtuko dira etzi, Etxeberri-Istillarte eta Aranburu-Errekart. Partida horretako irabazleek martxoaren 12an Donibane Garazin Muskarditzen eta Rene Dermiten aurka jokatu beharko dute. Irabazlea bigarren faseko ligaxkan izango da. Lehen fase horretako beste partida bat ere jokatuko dute etzi Lekornen, eta bertan, Idiart eta Jean Claude Dermit Ezkurra I.aren eta Maiteren aurka neurtuko dira. Irabazlea bigarren faseko ligaxkan izango da.
Ligaxka
Bigarren fasea ligaxka bat izango da, eta bi multzo egingo dituzte. Bakoitzetik bi sailkatuko dira. A multzoa Waltari-Etxetok, Larretxea-Ezkurra II.ak eta Donibane Garaziko biko irabazleak osatuko dute. B multzoan, Ibarrola-Kurutxari, Sorhuet-Ozafrain eta Lekorneko bigarren partidako irabazlea izango dira.
Fase hori martxoaren 16an abiatuko da Zuraiden, eta bertan, Ibarrola eta Kurutxari Lekorneko irabazleen aurka neurtuko dira. Martxoaren 18an, Baigorrin, Waltari eta Etxeto Donibane Garaziko irabazleen aurka arituko dira. Bigarren jardunaldia martxoaren 23an Arrangoitzen izango da. Larretxea eta Ezkurra II.a Donibane Garaziko irabazleen aurka neurtuko dira, eta Sorhuet-Ozafrain, Lekorneko irabazleen aurka.
Ligaxkako azkeneko jardunaldia martxoaren 31n abiatuko da Modernen, Baionan, eta han, Waltarik eta Etxetok Larretxearen eta Ezkurra II.aren aurka jokatuko dute, eta apirilaren 1ean, Armendaritzen, Ibarrola eta Kurutxari Sorhuten eta Ozafrain aurka neurtuko dira. Ligaxka horretatik, lehen biak sailkatuko dira finalerdietara, beraz, azkena geratzen den bikoa bakarrik geratuko da kanpoan.
Finalerdiak gurutzatu egingo dituzte. Lehenengo multzoko aurreneko sailkatuak bigarren multzoko bigarren sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak; eta lehen multzoko bigarrenak, berriz, bigarren multzoko lehenengoaren aurka. Finalera heldu ahal izateko, bi partida irabazi behar dira nahitaez. Beraz, berdinketa egongo balitz, hirugarren partida bat ere jokatu beharko lukete.
Finalerdietako joaneko partidak Pauen eta Donibane Garazin jokatuko dira apirilaren 6an eta 8an. Itzulerako biak, berriz, Angelun eta Gerendainen, apirilaren 13an eta 14an. Hirugarren partidak beharko balira, Baionan eta Senperen izango lirateke, apirilaren 21ean eta 22an.
Trinketei begira jarriz gero, aldaketa gutxi izango dira, hori bai, Bakarkakoan baino partida askoz ere gehiago direnez, lekuak ere gehiago dira. Nabarmengarriena Paueko trinketa da berriro ere. Bakarkakoan gauzak oso ongi joan ziren, eta oraingoan ere finalerdietako partida bat izango dute Biarnoko hiriburuan.
Zuberoan ere finalerdi bat izango da. Bakarkakoan partidak Maulen izan ziren, eta oraingoan Gerendainen izango dira. Gutxitan erabiltzen den beste trinket bat Angelukoa da, eta han ere finalerdi bat bada. Gainerako guztiak ohikoak dira, dauden onenak.
Faboritoen artean, lau dira gehien nabarmentzen direnak. Larretxea-Ezkurra II.a, Sorhuet-Ozafrain, Ibarrola-Kurutxari eta Waltari-Etxeto. Hala ere, adituen ustez, Larretxeak eta Ezkurrak osatzen duten bikoa omen da indartsuena. Paxkal hemen ere txapelduna da, iaz Idiartekin irabazi baitzuen. Bakarkakoan garbi erakutsi du onena dela, eta aurrean beste pilotari handi bat izango du.
Sorhuetek eta Ozafrainek ere biko beldurgarria osatzen dute. Waltarik eta Etxetok ikusmin handia sortu dute, baina adituek ez dituzte txapelarekin ikusten. Izan ere, biek une garrantzitsuetan burua askotan galtzen baitute. Ibarrola eta Kurutxarirekin ere oso kontuz ibili beharko da.
J.L.
Waltari ikusi nahi duenak astelehenean Donibane Garazin izango du aukera. Bertan Etxeto izango du lagun, Txapelketan izango duen bera, eta Larretxea eta Kurutxari izango ditu aurrez aurre. Nolako mailan dagoen ikusteko parada izango da.
Panpi Idiartek iaz txapela jantzi zuen Paxkal Ezkurrarekin batera, baina aurten zailagoa izango du iaz bezala irabaztea, lehen fasetik hasi beharko baitu jokatzen.
Bakarkakoan gertatu bezala, Binakakoan ere lehen aldiz partida bat Euskal Herritik kanpo aterako da, eta oraingoan ere finalerdia izango da. Pauen jokatuko dute.