GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hilarriaren tokian 78ko sanferminak oroitarazteko plaka jarriko da

GARA |

Atzo Iruñeko Udalean izandako osoko bilkuran German Rodriguezen omenezko hilarriaren inguruan eztabaidatu zuten berriz. Horren tokian plaka bat jartzean adostu dira UPN eta CDN, eta beste talde guztien borondateari bizkarra ematen diote.

Kale moldaketa batzuk zirela-eta oroitarria bere lekutik kendu zuen Udalak, eta lan horiek amaitutakoan berriz ezartzeari uko egin dio Yolanda Barcina buru duen gobernuak. Hori dela-eta sortu zuten Hilarria Batzordea, eta joan den abenduan, eskaera hori oinarri zuen mozioa aurkeztu zuten. UPN izan ezik gainerako taldeak alde agertu ziren arren, CDNko zinegotzi bat falta zenez, ezezkoak irabazi zuen. Otsailaren hasieran berriro saiatu ziren, baina eztabaidatzeari berari uko egin zioten. Bitartean, CDNk atzera egin zuen, eta oroitarriaren aurka egotera pasatu zen. Hori horrela, PSN, Aralar, EA, Batzarre eta IUN taldeek aurkeztu zuten eskaera atzoko saioan, baina berriro eztabaidarako behar den boz kopururik gabe gelditu ziren. Oraingo honetan, PSNko Ainhoa Aznarez falta zen.

CDNk, berriz, bertze mozio bat aurkeztu zuen, eta hilarriaren ordez «78ko sanferminetan gertatutako zoritxarreko gertaerak oroitarazteko» idazkiarekin plaka bat jartzea proposatu zuten. IUko Idoia Saralegik gertaera izugarri haiek «hiri- aren aurkako eraso zuzena» izan zirela esan zion CDNri, eta, beraz, idazkia ez dela egokia. Haren hitzetan, orduan gertatutakoa hiriko historian atal garrantzitsua da, eta hala izan da Germanen hilarria ere, ia 30 urtez.

Hiritarrek bultzatutako ekimena dela eta aurretik izan diren taldeek errespetatu badute, udal demokratiko batek ez hala egitea onartezina dela esan zuen Saralegik. CDN-ri talde horrek hasieran aldeko jarrera zuela gogorarazi zion. Jabier Eskubik (Aralar) barregarritzat jo zituen CDNren argudioak, adibidez hilarriak hilobietarako direla. EAko eta PSEko ordezkariek ere oroitarriaren alde egin zuten, baina alferrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo