GARA > Idatzia > Mundua

Abdullah Ocalan kartzelan pozoitzen ari direla salatu dute haren abokatuek

Abdullah Ocalan pozoitzen ari direla salatu eta haren osasuna benetan larria dela ohartarazi zuten atzo PKK-ko kidearen abokatuek. Pozoiaren ondorioz, hainbat gaitz ditu, hala nola oinak ia erabat izoztuta ditu; gorputz osoan oinaze handia du eta ezin du ondo arnasa egin.

GARA |

Abdullah Ocalan PKK-ko kide eta 1999az geroztik Turkian preso dagoena pozoitzen ari direla salatu zuten atzo haren abokatuek Erroman eginiko agerraldian. Haren egoera «oso larria» dela ohartarazi zuten.

Azaldu zutenez, metal pozoitsuak ematen ari zaizkio. Mahmut Sakar eta Irfan Dundar abokatu turkiarrek eta Giuliano Pisapia eta Mario Angelelli italiarrek adierazi zutenez, Ocalanen sei ile aztertu dituzte hiru laborategitan, bata Italiakoa, bestea Norvegiakoa eta hirugarren bat Estatu frantsesekoa.

Analisien emaitzen arabera, ile horietan aurkitu duten kromo kopurua ohikoa den baino zazpi aldiz altuagoa da. Estrontzio kopurua ere «izugarri altua» dela nabarmendu zuten.

Datu horiek eskuan hartuta, «pozoiketa kronikoa» duela baieztatu zuten. Horrek egonezin handia eta zenbait gaitz eragin dizkio presoari.

Hala, duela zortzi urte, kartzelatu zutenean, sinusitisa besterik ez zuen; eta egun, aldiz, arnasa hartzeko zailtasuna, lo egitea galarazten dion oinaze handia, gorputz osoan azkura, hanketako azalaren galera eta oinak ia erabat izoztuta dituenez, ez du odol jariorik gorputzeko alderdi horretan.

Ocalanen osasun egoeraren berri nola izan duten ez zuten azaldu nahi izan, beren informazio iturriak babestu nahian. Izan ere, preso kurduarra segurtasun handiko espetxe batean dago bakarrik, eta zortzi kilometroko eremura ezin da inor gerturatu.

«Turkiako Estatua bere egoeraren erruduna da», salatu zuen Dundarrek. Europako Kontseiluari, Tortura Saihesteko Batzordeari eta Nazio Batuei hots egin zieten zerbait egin dezaten. Dena den, orain arte ez dutela deus ere esan gaineratu zuten.

Pisapia abokatuaren hitzetan, Ocalanen osasuna bermatzeko aukera bakarra kanpoko mediku batzorde independente batek hura kartzelan bisitatzea eta odol analisiak egitea da. «Ileen azterketa soilarekin zaila da zein baldintzatan dagoen zehatz-mehatz jakitea», esan zuen. Pozoiketaren iturria espetxean ematen dioten janaria edo ura izan daitekeela helarazi zuen.

protesta genevan

PPK-ko buru Abdullah Ocalanen egoera salatzeko, NBEko Genevako egoitzan hogei bat manifestari kurdu sartu ziren. Harresia igo ostean, patioraino iritsi ziren eta bertan atxilotu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo