GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Finalean sartzeko bigarren urrats garrantzitsuaren bila

Olaizola I-Beloki eta Xala-Eulate bikoteek taktika oso ezberdinak erabiliko dituztenez igandean, pilotak ere oso bestelakoak hautatu dituzte

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Lehen jardunaldiko bi bikote irabazleak Bergarako Udal Pilotalekuan bildu ziren atzo, igandean jokatuko duten neurketarako pilotak aukeratzeko. Olaizola I-Beloki eta Xala-Eulate pozik agertu ziren hautatzaileak saskian jarritako materialarekin, nahiz eta bakoitzak pilota nahiko ezberdinak hobetsi.

Izan ere, ez da gutxiagorako. Bikote bakoitzak oso taktika ezberdina erabili beharko du igandean. Asier Olaizolak eta Ruben Belokik argi dute jokoa atzean zamatu behar dutela, Pedro Martinez de Eulateren hutsa bilatu eta Xalari jokoan sartzen ez uzteko. Hori jakinda, atzelari nafarrak pilota jaisten saiatu beharko du aurrelari lapurtarrak aukerak izan ditzan.

Ulertzekoa da, beraz, Asierrek eta Rubenek pilota askoz fuerteagoak aukeratu izana (103,3-105,8 eta 104,5 gramo); Xalak eta Eulatek pilota baxuagoak nahiago izan zituzten (103,7-102,4 eta 102,9). Iruñean ez bezala, Bergarako sei pilotak Punpakoak izan ziren.

Alde horretatik, oso adierazgarriak Eulateren adierazpenak galdetu ziotenean ia beldurrik ematen dion partida gehiegi luzatzeak. «Beldurrik batere ez. Ziur nago Zornotzakoa -1.157 pilotakada- baino partida luzeagoa ez dela izango, eta han nahiko ongi eutsi nion lehiari. Guk aurrean jokatu behar dugu eta horretarako hartu ditugu pilota pixka bat baxuagoak», esan zuen atzelariak.

Azpeitikoa gogoan...

Ligaxkan bi bikote horien arteko lehiak nekez balio du aurrekari moduan. Sansebastianetan jokatu zuten, eta Xala oraindik min hartuta zebilenez, Chafeek jokatu zuen Eulaterekin. Ahazteko moduko neurketan, Olaizolak eta Belokik 22 eta 17 menderatu zituzten Aspekoak.

«Ez dut uste hura erreferentzia ona denik igande honetako partidara begira. Batez ere, bi frontoiak oso ezberdinak direlako. Ni ere otsailean hobeto ibili naiz urtarrilean baino, prestakuntza horretarako bideratu nuen, eta ongi irteten ari zait», adierazi zuen Eulatek.

Zalantzarik gabe, txapelketan atzetik aurrera egin duten bi bikote neurtuko dira igandean. Eta Eulaterekin batera, lehiaketa aurrera joan ahala gehien hazi den beste pilotarietako bat Asier Olaizola izan da, nahiz eta goizuetarrak ez duen uste urteko beste hilabeteetan baino hobeto ari denik. «Horiek kazetarien kontuak dira. Nik urte osoan berdin jokatzen dut, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, baina ez dut uste Binakakoan bereziki hobetzen dudanik», esan zuen aurrelariak.

Finalerdietako ligaxkara oso maila onean iritsi den bestea Ruben Beloki izan da. Burlatako atzelaria prestatzaile fisiko berriarekin dabil aurten, eta, Lau eta Erdikoari ezetz esan ostean, oso fresko iritsi da Binakakora. Igandera begira ez zuen ezkutatu beren asmoa partida gogortzea izango dela, finala baitago jokoan. «Badakizue gure jokoa zein den. Partida ahalik eta gehiena luzatu behar dugu, eta ni Xalari pilota kentzen saiatuko naiz. Hori lortzen badugu, asko izango dugu irabazita. Ezin da ahaztu garaipena oso garrantzitsua izango litzatekeela», amaitu zuen Belokik.

Gaur hasiko da Ortuellan Bizkaiko III. Irekia

Gaur hasiko da Ortuellan Frontisek urtero antolatzen duen Bizkaiko III. Irekia. Lau eta erdian jokatuko dute; azken rankingerako baliagarria izango da, eta finala Sopuertako pilotalekuan jokatuko dute martxoaren 24an. Guztira 16 pilotarik hartuko dute parte, eta faboritoen artean Jorge Nagore eta Ander Antxia nabarmendu daitezke. Oraingoz, Jon Gorriti dago Frontisen sailkapeneko lehen postuan. Hauexek dira final-zortzirenetako lehen kanporaketak: Gorriti/Barberito VI, Mikel/Elola, Antxia/Larramendi, Altuna/Urdaniz, Nagore/Javi Gomez, Arretxe/Zabala, Alustiza/Aldai, Amarika/Bengoetxea VII.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo