GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hogei urte geroago, Estatu frantsesari «Aski da!" esatera behartuta daudela adierazi du Askatasunak

Maria AIZPURUA |

Estatu frantsesak dozenaka euskal herritar kanporatu zituenetik hogei urte beteko direnean, sarekada hura salatzeko Amnistiaren Aldeko Batzor- deek erabili zuten «Aski da!» esaldi sonatua gaur ere erabiltzera behartuta daudela adierazi zuen atzo, Hendaian, Askatasunak. Izan ere, Parisek errepresioaren bidea sakondu besterik ez duela egin salatu zuen Oskar Bizkaik.

Horren lekuko, iaz izandako kanporaketak (1), estradizioak (2), aldi bateko entregak (10) eta euroaginduen gauzatzeak (6) aipatu zituen, besteren artean. Urtearen hasieratik «eta Euskal Herrian hainbat eragile gatazka gainditzeko saiakerak egiten ari diren unean, Estatu frantsesaren jarrera errepresiboak» ez duela etenik izan gaineratu zuen Bizkaik. Pello Alvarezen eta Aner Gomezen kasuak nabarmendu zituen, bereziki, Askatasuneko bozeramaileak.

Otsailaren 7an atxilotu ostean, Paueko Epaitegiak aste honetan onartu du Alvarezi euroagindua aplikatzea, nahiz eta bere gaixotasun larria dela-eta, gauzatzea atzeratu egin duen. Hain zuzen ere, atzo bertan eraman zuten Baionako ospitaletik Bordelekora behar duen tratamendua jasotzeko.

Askatasunak gogorarazi zuen bai Alvarezi bai laster kaleratua izan behar zuen Aner Gomezi, Garzon epaileak irekitako prozedurak urtarrilaren 25ean Port Boun atxilotu zuten Iker Agirrek «torturapean egindako deklarazioetan» oinarritzen direla, eta gogor salatu zuen Estatu frantsesak ontzat ematea eta epaile espainolaren eskaerei men egitea.

Biak ala biak aske uzteko eta, bereziki, Alvarezen kasuan euroagindua bertan behera uzteko exijitu zuen Askatasuneko kideak Hendaiako LABeko, AEK-ko, Baleak elkarteko, Donibane Lohizuneko Komiteko eta iheslari politikoen ordezkariekin batera, «urteetan egin duen moduan, eritasuna Ipar Euskal Herrian tratatzen jarrai dezan».

Aldi berean, «errepresio bidea eta Euskal Herriaren ukazioa alboratu eta gatazkaren konponketan murgiltzeko» mezua bidali zion Estatu frantsesari Askatasuneko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo