GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Sei orduko ezinegonak ospitalearen aurrean egin zuen eztanda: «Badator!"

Txalo eta irrintzi artean sartu zen Iñaki de Juana Donostia Ospitalera, sei orduko bidaiaren ostean. Askatasunaren deialdiari jarraiki, ehunka euskal herritar bildu zen elkartasuna eta babesa helarazteko asmoz. bigarren gose-grebaren 115. eguna izanik ere, indarra eta kemena erakutsi zuen atzo De Juanak. hunkigarria izan zen oso bere etorrera, eta ertzaintzaren zabaltzeak giroa lausatu nahi izan baldin bazuen ere, ezin izan zuen herriaren oihua isildu.

Eguerdiko ordu bietatik aurrera, Donostia Ospitaleko Arantzazu erakinaren ataria makina bat lagunen helmuga bilakatu zen. Ikasle ugarik, bizkar-zorroak soinean zituztela eta eskola orduak alboratu eta bazkaltzeko astirik hartu gabe, erietxerako bidea hartu zuten. Langileak ere antzera, lanetik atera eta laneko jantzia kentzeko paradarik hartu gabe Donostia Ospitalera joaten hasi ziren.

Arratsaldeko hirurak jota zirenean, ehunka lagun zegoen bertan bildua Askatasunak egindako deialdiari jarraiki, baita komunikabide andana ere, eguneko berria ez galtzeko asmoz. Presoen argazkiak eskuetan eta ikurrinak eta aministia aldarrikatzen zuten ikurrak lau haizeetara zabaltzen, horrenbeste itxarondako mementoaren zain zeuden. Bildutako jendetzaren artean aurpegi ezagun ugari ikus zitekeen; LABeko buruzagi Ainhoa Etxaide edota amnistiaren aldeko mugimenduko Juan Mari Olano, esaterako.

Urduritasuna zen nagusi; non ote dago? Zein ordutan iritsiko da? Ospitaleko zein atetatik sartuko da? galderak dantzan ziren bildutakoen ahoetan. Baina patxadaz itxaroteko hautua egin eta badaezpada jendea bi multzotan banatu zen, Iñaki De Juanak merezi zuen omenaldia egiteko asmoz.

Norabide zuzeneko pausoa

Baina urduritasunetik harago, zoriontasunaren isla izan daitezkeen poza eta irribarrea ere presente zeuden atzo Donostian. «Azkenean Euskal Herrian dago gure Iñaki!», zioten lagunartean bildutako hainbat ikaslek. «Bizi dugun bide ilunean, poztasun bat behintzat!», zioen beste emakume batek, alaitasuna ezkutatu ezinik. «Gobernu espainolak norabide zuzenean emaniko pausotzat» jo zuen Mikel Luluagak De Juanari ezarritako neurria. Baina pauso hori nahikoa ez dela nabarmendu nahi izan zuen; haren ustez, behin betiko askatasuna baita jartzen ahal zaion neurri bakarra. Bildutako gehienek bat egin zuten ikuspuntu horrekin, baina horrelako berriak Euskal Herrian urriak direnez, behingoagatik alaitasunari ateak ireki eta ongietorri beroa egin nahi izan zioten preso donostiarrari.

Ertzaintzaren etorrerak, ordea, argi erakutsi zuen mementoa iristear zegoela, eta betiko legez, nagusi zen lasaitasuna eta alaitasuna eten zuten ertzainek. Jendearen artetik bidea eginez Ertzaintzaren furgonetak sartu ziren, eta ibilgailuetatik atera ondoren tokia hartzeari ekin zioten. Neurriz kanpoko zabaltzea egin zuten.

Bildutako ehunka lagunek Iñaki De Juanaren aldeko oihuekin egin zieten harrera ertzainei, eta poliki-poliki erietxera hurbiltzen saiatu ziren preso donostiarra ikusi ahal izateko aukera izan nahian edo. Ertzainek, ordea, gorrotoz jendearen aurka oldartzeari ekin zioten, eta bi pertsona zauritu zituzten hala.

Tentsiounearen ostean, «badator, badator!» oihuek sortu zuten iskanbila, eta ehunka lagunek korrikari ekin eta bidean zetorren anbulantziari harrera egin zioten.

Arratsaldeko laurak ziren, eta Miramondik zetorren Iñaki De Juana; anbulantzia zuri batean zuten preso donostiarra eta Irati Aranzabal uneoro ondoan izan duen neska-laguna. Ertzainen fugoneta ugarik zaindua iritsi zen donostiar presoa zekarren ibilgailua.

«Iñaki De Juana askatu! Gora Iñaki! Eutsi!» oihuek oihartzuna izan zuten De Juanaren etorreran, eta bildutakoek, elkartasuna helarazteko asmoz, korrikari ekin zioten anbulantziaren inguruan; babes oihuak eten barik entzun ziren.

Indarra eta kemena

Iñaki De Juanak, 115 egun-gose greban igaro ostean ere, indarra eta kemena erakutsi zuen atzo, eta babes oihuei erantzuteko, eskuarekin keinu ugari egin zuen esker onez; une hunkigarriak bizi izan ziren.

Jende uholdea atzetik korrika joan bazen ere, Polizia autonomikoak haien bidea eten zuen, eta De Juana zeraman anbulantziak larrialdi zerbitzuetako sarrerara jo zuen, ertzainez inguraturik. Bildutako lagunek babesa azken uneraino erakutsi arren, larrialdietako sarreran jarri ziren berriz ere.

Ertzainen lanari esker, ordea, bildutakoek ez zuten ezer ikusteko aukerarik izan, baina Iratiren eta Iñakiren aldeko babes oihu eta txalo zaparradek ez zuten mugarik aurkitu ibilbidean. Txalo eta irrintzi artean sartu zen De Juana, bere kabuz, Donostiako Ospitaleko Arantzazu eraikinera.

Poliki-poliki bildutako jendeak eritetxea atzean utzi zuen, eta sorterrietarako bidea hartu zuten denbora luzean ahaztuko ez duten unea gogoratzen. Gutxi batzuk ospitalean zain gelditu ziren berri gehiago jakin nahian edo. Eta berriak etorri ziren. Arratsaldeko bostak eta laurden aldera, Askatsuneko bozeramaile Juan Mari Olanok, Irati Aranzabal ondoan zuela, horrenbeste espero zen berria eman zuen: Iñaki De Juanak gose-greba utzi du.

«Euskal Herrira eta bizirik ekarri dugu Iñaki», adierazi zuen, eta herriaren garaipentzat jo zuen Olanok Iñakiren egoera. Haren aburuz, duintasunaren eta borrokaren balioa erakutsi du bai Iñakik bai eta Euskal Herriak ere.

OIhana LLORENTE

BASAURIKO ESPETXEA

Basauriko espetxean dauden preso politikoek Iñaki De Juanari elkartasuna helarazteko asmoz ostiralero egiten zuten baraua uztea erabaki dute De Juanaren erabakiari jarraiki.

ESKER ONA

De Juanak, Juan Mari Olanoren bidez, esker ona eman nahi izan zion Euskal Herriko gizarteari, eta, aldi berean, gose-greba amaituko zuela erabaki zuela adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo