GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Musikantoi" saioak hartu du «Danbaka"ren lekukoa GoiTBn

Goiena Telebistan «Danbaka" eskualdeko musika lehiaketak betetzen zuen tartea osatzeko sortu dute «Musikantoi" deritzan saioa. Ixone Serrano arrasatearraren gidaritzapean, Euskal Herriko musikagintza izango dute hizpide, talde aitzindariak ahaztu gabe.

Amalur ARTOLA

Deba Garaian bi urtean behin egiten da «Danbaka» musika lehiaketa (GoiTB eta Elgetako Espaloia Kafe Antzokiak antolatuta) eta bailarako Goiena Telebistak tartea eskaintzen die bertan parte hartzen duten talde eta bakarlariei. Urria eta urtarrila bitartean egiten dira kontzertuak eta, behin amaituta, GoiTB ere musika tarterik gabe geratzen denez, «Musikantoi» musika saioa osatzea erabaki dute. 80ko hamarkadatik hasi eta egun Euskal Herrian ekoizten den musika arte iristea du helburu Ixone Serrano arrasatearrak gidaturiko saioak. Josu Txintxurreta izango du lankide errealizazioan eta postprodukzioan, eta kolaboratzaile sarea ere osatua dute dagoeneko.

Eskualdekoek eta euskaraz sortutako ekoizpenek izango dute lehentasuna programan eta, aldakorrak izango diren arren, atal ezberdinetan banatu dute saioa. Batetik, Goienako musika artxibo zabalean eskua sartu eta, 80-90eko hamarkadetako ekoizpenak irekiko du saioa, garai hartako bideoklip edo kontzertuak oroituz. Egungora itzuliz, saio bakoitzeko bi bideoklip estreinatzeko erronka hartu du lantaldeak, eta azken berriak eta agenda ere jakinaraziko dizkiete ikus-entzuleei. Horien osagarri izango dira elkarrizketak eta erreportajeak, beti ere bailaran egiten diren ekitaldien eta sortzen diren musika taldeen arabera.

Oraingoz, aipatutako artxibategietara eta musika-etxeetara joan dira material eske baina, azaldu dutenez, «edozeinek etxean dituen harribitxiak gustura jasoko ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo