GARA > Idatzia > Mundua

16 zibil afganiar hil dituzte AEBetako tropen aurkako eraso baten ondoren

Hamasei zibil afganiar hilik suertatu ziren atzo, AEBetako soldaduak, atentatu bat jasan ondoren, tiroka hasi zirenean. Gertakaria Nangarhar probintzian jazo zen, Pakistango mugatik 50 bat kilometrora. Bestalde, bi soldadu britainiar hil ziren Afganistango hegoaldean. AEBen erantzuna gaitzesteko manifestazio bat egin zen Jalalabaden. Adituen arabera, hastear dagoen udaberrian talibanek maila handiko erasoak egiteko asmoa dute.

GARA

Hamasei zibil afganiar hil zituzten atzo Estatu Batuetako soldaduek Jalalabad hiritik 45 kilometrora, Torkham hirira doan errepidean jazo zen eraso batean. Hildakoez gain, beste 22 zauritu ere izan ziren.

Asiako herrialde hori okupatzen duten tropek jakinarazi zutenez, AEBetako soldaduen konboi batek bonba-auto baten erasoa jasan zuen Nangarhar probintziako (Pakistango mugatik 50 kilometrotara) errepide batean. Ondoren, beti iturri horien arabera, tiroka aritu ziren soldadu amerikarren aurka. «Arma automatikoekin eraso gintuzten eta tiroak toki askotatik zetozen», gaineratu zuen AEBen Armadako komunikatuak.

Eraso horren ondoren, AEBetako soldaduek «erantzun egin zuten» eta indar okupatzaileen komandanteak gaineratu zuenez, 16 zibilen heriotza erantzuteko lehen eraso horren ondorioz gertatu zen.

Kabulgo Gobernuko Poliziaren arabera, zortzi zibil izan ziren NATOren koalizioaren soldaduen kontraerasoak eragin zituen hildakoak.

Nangarhar probintziako gobernadore Noor Agha Zawokek esan zuenez, atentatuan furgoneta-bonba erabili zuten AEBetako soldaduen aurka egiteko. Hildakoak matxinoen eta AEBetako soldaduen artean piztu zen tiroketan bala galduek eragin zituztela ere adierazi zuen.

AEBen ikuspuntuaren arabera, erasoa «zelata oso konplexua» izan zen eta tiroei erantzutera behartuak egon ziren. «Muturreko talibanen erasoa dela-eta, afganiar errugabeen heriotza penagarria da guretzat», adierazi zuen komunikatu batean David Accetta teniente koronelak.

«Beste behin terroristek gizakien bizitzarekiko duten mespretxua frogatu digute, koalizioaren indarren kontrako erasoa populazio ugari duen zonalde batean egin dutelako. Ongi baino hobeto zekiten eraso horregatik afganiar errugabeak hilda eta zauriturik suertatuko zirela», gaineratu zuen Accettak.

France-Presse berri agentziak esan zuenaren arabera, gutxienez zazpi edo zortzi kotxek tiroek eragindako zuloak zituzten karrozerian.

Bestalde, bi soldadu britainiar hil ziren Afganistango hegoaldean misilekin egindako eraso batean, Defentsa Ministeritza britainiarrak adierazi zuenez.

Bi militarrak NATOren agindupean dagoen Erret Artilleriako 29. Erregimentuko kideak ziren eta Sangin eskualdean hil ziren.

Hildako horiekin 50 dira Afganistanen 2001tik gaur arte hil diren soldadu britainiarrak.

Manifestazioa

Hamasei zibilen heriotza eragin zuen AEBen erantzuna gaitzesteko ehunka afganiarrek manifestazioa egin zuten atzo Jalalabaden, Nangarhar probintziako hiriburuan.

Manifestariek eskualdeko errepide nagusia moztu zuten eta harriak jaurti zizkioten Poliziari, «Amerika akatu!» edo «Karzai [Afganistango presidentea] akatu!» gisako kontsignak oihukatzen zituzten bitartean.

Atentatua jazo zen tokian bertan ere afganiarrek mobilizazioa egin zuten, errepidea moztuz.

Aurten, dagoeneko 400 hildako izan dira Afganistanen bizi duten bortxa dela-eta. Horietatik 170 atzerriko militarrak ziren, gehienak Estatu Batuetakoak. Aurten, 20 izan dira orain arte hil diren atzerriko militarrak.

Iaz, berriz, 4.400 izan ziren hildakoak, horietatik mila inguru zibilak izan zirelarik. 2006a, talibanak 2001ean boteretik kendu zituztenetik, hildako gehien izan zen urtea izan zen. 2006an, orotara, 140 eraso suizida izan ziren, 2005ean solik hogei inguru izan zirelarik.

NATOko adituen arabera, udaberriarekin batera talibanak maila handiko erasoari ekiteko prest izango dira. Atzo jazotako atentatua, beraz, kanpaina hori prestatzeko egina izango litzateke, indar okupatzaileetako eledun Tom Collinsek otsailaren 21ean adierazi zuenez.

Talibanek 6.000 gizon borrokarako prest dituztela nabarmendu zuten eta 2007a «Afganistanen tropak dituzten atzerritarrentzat urterik odoltsuena» izanen dela iragarri zuten.

Horrekin loturik, joan den astean AEBko presidenteorde Dick Cheney Bagramgo base militarrean (Kabuldik 60 kilometro eskasera) gosaltzen ari zela, talibanek eraso bat burutu zuten basearen atarian. Cheneyk ez zuen zauririk jaso, baina hamarren bat hildako eragin zituen eraso horrek.

Adituen arabera, eraso hori talibanek duten ahalmen militarraren eta informazio iturri egokien isla da. Gauzak horrela, udaberri latza izan dezake NATOk, Europako hainbat estatutan Afaganistanera tropa gehiago bidaltzeko eskaerei entzungor diren honetan.

Udaberria

Adituen arabera, hastear dagoen udaberrian talibanak maila handiko erasoari ekiteko prest izango dira. Azkenaldian burutzen ari diren atentatuak horretarako prestakuntza izango lirateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo