EBELek berdintasunaren aldeko pausoak erabaki ditu batzar orokorrean
GARA
Titularrak eta kotitularrak eskubide berdinak izatea, osasun txekeoa urtero egiteko aukera izatea eta berdintasun legean emakume baserritarrak sartzea dira, besteak beste, Emakume Baserritarren Elkarteak (EBEL) atzo Villabonan buruturiko batzar orokorrean erabakitako lan ildoak.
EHNE sindikatu barnean duela hamasei urte sorturiko erakundeko 110 kidek parte hartu zuten Gurea zineman eginiko ekitaldian. Ordu eta erdian, egindako ibilbidearen errepaso «labur eta sakona» egin zutela adierazi zuen Maider Aramendik, EBELeko koordinatzaileak.
Lan eta emakume arloetan aritu ziren partaideak batzar orokorrean. Lehenengoari dagokionez, baserrietako titularrak eta kotitularrak eskubide berdinak izatea eskatu zuten.
Gizarte-segurantzaren inguruan, ikerketa kanpaina abian jartzearen alde agertu ziren eta emakume gazteei erraztasunak ematea eskatu zuten. Era berean, duten ordezkatze zerbitzua publikoa bihurtzea nahi dute.
Emakumearen arloari dagokionez, berdintasun legean emakume baserritarra sartzea eskatu zuten bildutakoek.