Pilota Berezkoen Binakakoa
Bi partida kaskarrekin abiatu da Txapelketa
Zaleek ez zuten nahi bezalako jaialdia ikusterik izan. Bi neurketak maila apalekoak izan ziren, batez ere bigarrena, hamar kintze besterik ez baitzituzten egin galtzaileek.
Jon LEUNDA
Binakako Txapelketa ez da erarik onenean hasi, atzo jokatu ziren lehen bi partidak ez baitziren ikusgarriak izan. Hala ere, bikoterik onenak sartzen hasten direnean, maila hobeko partidak ikusteko itxaropena dute zaleek.
Lehen partidan Aranburu- Errekarten aldeko joera bazuten batzuk, baina Etxeberrik eta Istillartek hasieratik amaierara arte erakutsi zuten nagusitasuna. 8-0 aitzineratu ziren, eta hasiera horrekin ederki bideratu zuten partida. Gero, sarearekin ere askoz hobeto aritu ziren, eta botearekin ere Etxeberrik askoz ere min handiagoa egin zuen. Partida beti kontrolpean ukan zuten eta inoiz ez zuten arriskurik izan.
Bigarren partida are eta eskasagoa izan zen. Idiart eta Dermit ziren faborito, baina horrelako markagailuarekin irabaziko zutenik ez zuen inork espero. Oreka lehen kintzean bakarrik izan zen. Hor adostuta egon ziren, baina gero Idiart eta Dermit askoz ere hobeto aritu ziren. Bai aitzinean, bai gibelean erabat nagusitu ziren, eta aurkariei markagailua itxuratzen ere ez zieten utzi. Idiartek iaz txapela jantzi zuen Ezkurra II.a lagun zuela, eta aurten ere bere maila erakutsi nahi du.
Idiartek eta Jean Claude Dermitek ez dute lehen fasean beste partidarik jokatu beharrik izango, bigarren faseko ligaxkan sartuko baitira. Ibarrola-Kurutxari eta Sorhuet-Ozafrain izango dituzte multzoko aurkariak.
Etxeberrik eta Istillartek, aldiz, lehen fasea amaitu aitzinetik beste kanporaketa bat jokatu beharko dute, eta hori heldu den astelehenean izango da Donibane Garazin. Bertan, Muskarditz eta Rene Dermit izango dituzte aurkari.
Gaur Donibane Garazin jaialdia izango da, eta Waltari-Etxeto Larretxea-Kurutxariren aurka arituko dira (17.00). Ea partida hobeak ikusteko aukera dugun.