Lehen zatiko azkeneko minutuan galdu zuen MRA Navarra taldeak
Jon LEUNDA
MRA Navarra taldeak ezin izan zuen bere bolada onarekin jarraitu eta esku hutsik itzuli beharko dute Lugora egin zuten bisitatik. Izan ere, partidako gakoa lehen zatiko azken minutuan egon zen. Ordura arte ongi ari zen, eta markagailua ere berdindua zegoen, baina etxekoek minutu bakar batean bi gol egin zituzten, eta partida maldan gora jarri zitzaion talde berdeari.
MRA baja dezenterekin joan zen Galizia aldera, baina ongi kokatua hasi zuen partida eta presioa ongi eginez. Joko on horri esker, Dek aurreratu zituen nafarrak laugarren minutuan.
Apurka-apurka, ordea, etxeko taldea neurketaren agintea hartzen hasi zen eta hamalaugarren minutuan berdindu egin zuen. Irurtzungoek izan zuten bigarren gola egiteko paradarik, baina lehen zatia amaitzeko minutu bat besterik geratzen ez zenean, galiziarren bigarren gola etorri zen.
Gero, erditik atera, baloia galdu, eta Azkarrek hirugarren gola egin zuen. Kolpe handia izan zen minutu batean bi gol hartzea.
Bigarren zatian, Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak nahi zuen, baina ezin, eta Lugokoek laugarren gola egin zuten. Azkeneko minutuetan Eseberrik euskaldunen bigarren gola lortu zuen, baina markagailua itxuratzeko bakarrik balio izan zuen.