GARA > Idatzia > Editoriala

Udaberriaren zain, Afganistanen

NATOk beste erasoaldi bati ekin dio Afganistango hegoaldean. Talibanen gerrilla eta «droga sareak» helburu dituzten operazioek ondorio latzak izan dituzte herritarrentzat. Bi egunean 25 zibil hil dira eta Nangarharren eta Kapisan izan diren sarraskiek haserre bizia sortu dute probintzia horietako biztanleengan. Era berean, Afganistango egoerak, orokorrean, beste kezka batzuk sortzen ditu, Kabulen ez ezik milaka kilometrora diren hiriburuetan ere.

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) eta haien aliatuak Iraken egiten ari diren gerrak gero eta etorkizun ilunagoa duela ikusita, hainbat gobernuk bi gatazka horien artean parekotasunik ez dagoela esan dute. Iraken aurkako gerra eta okupazioa AEBetako Gobernuaren interesekin lotuta, NATOko aginduetara ari diren soldaduek Afganistanek bakea berreskura dezan egiten duten «ezinbesteko lana» nabarmendu du, besteren artean, Romano Prodi lehen ministroak. Auziak bere Gobernuan sortu zuen krisia itxi berria du Prodik, eta azken egunotako erasoak Italiako tropak Afganistanetik bueltan ekartzeko eskatzen dutenen jarrera indartzera datoz.

Afganiarrek ez dute inondik inora «bakea eraikitzeko» laguntza gisa ulertzen NATOko tropek egiten duten «lana». Soldadu arrotz horiek nazioarteko agintariek Kabulen ezarri zuten gobernua bezain urrun sentitzen dituzte. Izan ere, herritar xumeak hiltzerakoan, nazioarteko soldaduek Karzai presidentearen gobernua egonkortu ez eta arazo gehiago sortzen dizkiote. Horregatik, azken erasoen erantzukizunak argitzeko eskatu du agintariak. Tamalez, aurrekari txarrak dira. Gerra hasi berria zela, 2002ko uztailean, NATOko indarrek 50etik gora lagun hil zituzten... ezkontza bat ospatzen zutenen aurka bonbardaketa eginda. Ezer gutxi egin dute geroztik ez hori ez eta beste sarraski asko ere argitzeko.

Bitartean, talibanen lurraldea eta haiek kudeatzen duten opio ekoizpena ugalduz doa; era berean, nazioarteko tropek egoera kontrolatzeko dituzten zailtasunak agerian gelditu dira. Dagoeneko udaberriko erasoari begira tropa gehiago eske dira. Baina eskaera deseroso da oso NATOko aliatuentzat; bereziki hauteskundeak gertu dituzten gobernuentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo